Plaza ondoko jolasgunean prestatu dute txondorra egun argiz eta erabat ilundu aurretik eman diote su, 22:00etan. Mikel Laboaren Baga Biga Higa, Xabier Solanoren Erre zenituzten eta Zetak taldearen Akelarretan kantuen zati bana entzun dira segidan, bata bestearen segidan, Txantxiku ikastolako DBH2ko ikasleek suaren bueltan dantza egiten zuten bitartean. Inguruan, hesien atzean, hainbat herritar begira eta kantuan.
Txantxiku ikastolak antolatuta, eta Jose de Azpiazu musika eskolaren, Aita Madina txistulari taldearen eta Txinparta bertso eskolaren laguntzarekin egin dute San Juan sua, urteko gaurik motzenean. Txistulariek San Juan zortzikoa jo dute eta sanjuanetako koplak abestu dituzte herritarrekin; bertso eskolakoen koplak ere izan dira. Azkenerako, oraindik sua indartsu dela, inguratutako herritar asko atera dira suaren ondora dantzara.