Beroari aurre eginaz, hainbat oñatiar igo dira beste urte batez Aurrekomendi aldera, Arranoaitz eguna ospatzeko asmoz. Egun osoko egitarauaz gozatzeko aukera izan dute bertaratu diren herritarrek, hein handi batean musika erritmo ezberdinek ostuta. Horrelako egunetan ohikoa izaten den bezala, trikiti doinuek ez dute hutsik egin, eta aurten, Uxue; Julen eta Hekthor folk gazteen eskutik etorri dira. Eguerdian Petti bakarlari beratarraren folk-rock doinuek girotu dute Arranoaitz ingurua. Ez da bakarlari nafar bakarra izan, honen ostean Edu Zardoya tuterarraren txanda izan da eta. Musikari oñatiarrek ere izan dute beraien lekua egitarauan, Estolda punk taldearen eskutik.
Musikaz gain, antolatzaileek berrikuntza bat gehitu nahi izan dute egitarauan, eta bide horretatik, bakarrizketalarien ikuskizuna egin dute lehenengoz, Ander Malbadi albizturtarraren eta Maialen Sorzabalbere donostiarraren eskutik. Horrez gain, bertaratutako haurren gozamenerako, haur parkea ere izan da eskuragarri.