Lleidako raida irabazita, Europako Txapelketara

Julen Murua Mesonero 2025ko eka. 21a, 12:00

Aitor Otamendi, eskuinetik hasita bigarrena, taldekideekin batera, lasterketa amaitu berri. Argazkia: Asier Egaña

Urteak daramatza Aitor Otamendi oñatiarrak abentura-raidetan parte hartzen. Arango haranean (Lleida) egin du azkena, eta, 21 orduz probak gainditzen ibili eta gero, lehen postuan zeharkatu zuen helmuga Euskal raid taldeko laukoteak.

Joan den asteburuan jokatu zen Arango haraneko abentura-raida, eta Aitor Otamendi oñatiarraren taldea igo zen podiumaren gorenera. Euskal Raid Taldeko kide da Otamendi, eta azken urteetan Europako serieetako lasterketetan parte hartu dute. Apirilean egin zuten lehena, Errioxan –bigarren postua lortu zuten–, eta bigarrenean, Arango haranekoan, irabazi egin dute. Hasiera batean "ondo pasatzeko" parte hartzen zuten arren, dagoeneko "esperientzia batu eta maila handira iritsi" direla dio oñatiarrak; hala, "irabaztetik gertu" egotea" izaten da euren helburua.

Hainbat proba

29 orduko muga izan zuten joan den asteburuko lasterketa bukatzeko, eta 21 orduan lortu zuten helmuga zeharkatzea. Ordu horietan guztietan hainbat proba egin behar izan zituzten parte hartzaileek, hala nola bizikletan ibiltzea, mendi-ibiliak egitea, via ferrata-k egitea eta sakanak jaistea. Azkenengo unera arte ez zuten jakin zer ibilbide eta zer proba egin behar zituzten, baina azken urteetako "basatiena" izango zela iragarri zieten antolatzaileek, eta, Otamendiren arabera, hala izan zen: "Nahiko leku basatietan ibili ginen, jende oso gutxi ibiltzen den lekuetan; basati hitzaren zentzu onenean, noski. Mendi-ibilkera batzuk baso eta mendi inguruetan egin genituen, eta 3.000 metroraino igo ginen".

Asteburuko plana

Otamendi ez zen bakarrik egon Lleida aldean; izan ere, Oñatiko hainbat lagun ere joan ziren abentura-raidak emandako guztia bizitzera eta bideo eta argazki bidez jasotzera. "Lagun batek aspaldi esan zidan halako lasterketa bat jaso gura zuela, eta, antolakuntzari proposatu ostean, baiezkoa jaso genuen. Eurendako ere abentura antzeko bat izan da; izan ere, aurretik ezagutzen ez zuten lehiaketa bat zen eurentzat, eta, alde batetik bestera ibilita, pozik itzuli direla uste dut. Gu ere irrikan gaude atera dituzten argazkien eta grabatu dituzten bideoen emaitzak ikusteko", dio abentura-raidetan parte hartzen duen oñatiarrak.

Europako Txapelketara

Europako serieetako lasterketa bat izanda eta garaipena lortuta, Euskal Raid Taldeak Europako txapelketa jokatzeko txartela eskuratu du: "Finlandian izango da, abuztuaren bukaeran, eta han izango da taldea. Ni ezingo naiz han egon, baina ondo ordezkatuta egongo gara, ziur".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak