Oñatiko EAJk ohar bidez adierazi du iazko otsaileko osoko bilkuran aurkeztu zuten mozioak "herriari inolako onurarik ekarri ez diola ikusita", hilaren 26ko osoko bilkuran, mozio bidez, EH Bilduren Udal Gobernuari udalerriko ondare kulturalaren eta historikoaren "narriadura geldiarazteko berehalako neurriak" eskatuko dizkiola.
EAJko udal-taldeak uste du, gainera, gaia bat datorrela 2025eko aurrekontuan jasota dagoen Kasko Historikoa Eraberritzeko Plan Berezia partidarekin.
EAJko bozeramaile Amaia Erostarbek, hauxe adierazi du: "EH Bilduren gobernuaren inakzioaren ondorio kezkagarria da fatxaden narriadura, pilatutako zikinkeria, garbitasun falta eta lorategiak zaintzeko arretarik eza". EH Bilduren gobernuak gaiarekiko urte hauetan erakutsi duen "sentsibilitate falta", "harritzekoa" iruditzen zaiela ere esan du: "Denak ez du balio, are gutxiago, ingurune amankomuna zikintzea edo degradatzea badakar".
Mozioa
Adierazi dute aurkeztuko duten mozioak kontserbazio eta garbitasun neurriak zein espazio publikoaren eta tokiko ondarearen errespetua sustatzeko konpromisoa hartzea eskatzen duela. Izan ere, gaineratu dute udal ordenantzak horixe jasotzen duela.
"Bizikidetza guztiona dena zainduz ere eraikitzen da", adierazi du Erostarbek. "Zergatik eta zertarako kaltetu fatxadak, paretak, ateak… edo bete alde zaharreko hormak kartelez? Herria ez dago txukun. Errespetu kontua da, gure iritzian. Egiten den apurra gure udalerria zaintzeari uko egitea da", esanez amaitu du Erostarbek.