Bakarkako kontzertua egingo du Ruper Ordorikak (Oñati, 1956), lepo beteko duen aretoan.
Zure jaioterrian egingo duzu kontzertua gaur; pozik?
Oñatin edozein emanaldi da ona niretzako, baina gogo handiarekin nago gaurko, bakarkako formatuan ez naiz-eta inoiz egon.
Santa Ana antzokia ondo ezagutzen duzu; gustuko aretoa?
Bai; oso egokia da Bakarka formaturako. Eta, era berean, berezia da niretzako; umetatik ezagutzen dut. San Juan kalean jaiotakoa naiz; hau da, Santa Anaren pareko etxean.
Sarrerak agortuta daude; zein sentimendu sortzen dizu horrek?
Ez dakit; asko ibilita gaude eta denetarik bizi izan dugu. Kopuru batek ez du kontzertu bat handi egiten, baina pozgarria da betiere, nahiz eta entzule moduan ez dudan gustuko kon- tzertu edo bestelako emanaldi batera joan eta ezin sartu geratzea. Baina horrela da; akaso, hurrengo batean, alderantziz. Horrela da gure eginkizuna.
Iazko martxoan argitaratu zenuen Bakarka 2 bilduma; zein sentsazio duzu gaur egun?
Lasaitasun sentsazioa daukat; uste dut bi bilduma horiek nahiko ondo islatzen dutela egin duguna. Bigarren bilduma ustekabean atera nuen; izan ere, kantu batzuek beste norabide bat hartzen dute eta, halako batean, horiek grabatzeko gogoa sartzen zaizu. Gaurko begietatik, esango nuke grabatutako hogeita piku kantu horiekin ondo islatuta geratzen dela urteetan egindako bidea. Hori da nire gaurko sentimendua.
Gustura ari zara Bakarka kontzertuak egiten?
Oso gustura, bai. Kontzertu asko egin ditut eta urrira bitartean beste hainbat egingo ditut. Urrian taldearekin ibiliko naiz, disko berria aurkezten, baina uste dut aurrerantzean bi formatuak uztartzen ibiliko naizela, asko gozatzen dut-eta bakarkako formatuan ere.
Disko berria grabatu duzula diozu?
[Barre] Hala da, bai; grabatuta dugu dagoeneko eta bukatzen ari gara. Taldearekin, bete mundu bateko kantuak dira. Askotan esan izan dudan moduan, musikariekin ibiltzea ez da Ruper gehi beste musikari batzuk, baizik eta beste esparru bat da. Urrian argitaratuko dugu disko berria, baina, oraingoz, ezin dut gehiagorik kontatu.
Gaurko kontzertura itzulita, zelakoa izango da?
Bakarka bi diskoetako kantuak kantatuko ditut, eta beste batzuk ere bai. Ordu eta laurden bueltan iraungo du.
Domekan, zuk oso gustuko duzun Corpus eguna izango da; maletarekin etortzeko asmoa duzu gaur?
[Barre] Ikusiko dugu; batek daki!
Eta udako agenda nola duzu?
Ez naiz askorik ibiliko kontzertuetan, disko berriarekin ibiliko naiz eta; hala ere, bakarka egingo ditut emanaldi batzuk eta taldearekin beste batzuk.