Haurrendako udako jarduerak, hasteko prest

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko eka. 20a, 11:31

Umeak jolasean frontoian jarritako igerilekuetan, artxiboko irudi batean.

Ikasturtea bukatuta, aisialdirako unea dute gaztetxoek: astelehenean hasiko diren udaleku irekietan 505 neska-mutikok hartuko dute parte; uda kanpainak 1.375 erabiltzaile izango ditu; eta arte udalekuetan 65 gaztetxok jardungo dute aurten.

Eskoletako ikasturtea bukatuta, neska-mutikoek datorren astetik aurrera bestelako aisialdi eta kirol eskaintza izango dute; martxan jarriko baitituzte udaleku irekiak, uda kanpaina eta arte udalekuak.

Udaleku irekiak

Aurten, HH-3tik LH-5era bitarteko 505 umek eman dute izena udaleku irekietan parte hartzeko. Haien begirale lanetan ibiliko dira 65 lagun eta praktiketako hiru. Astelehenean, hilaren 23an, hasiko dira udalekuak, eta uztailaren 18ra bitartean iraungo dute. Ohikoa den moduan, 10:00etatik 13:00etara bitartean izango dira, eta zaintza zerbitzua izango da 08:15etik aurrera. Azken urteetan bezala, Eltzia izango dute elkargune, eta askotariko ekintzak egingo dituzte herriko hainbat txokotan: txikienak, esaterako, ur txorroten parkera, igerilekura eta liburutegira joango dira; nagusiagoek, berriz, irteerak egingo dituzte Basondora –LH1ekoak–, Gamarrara –LH-2koak– eta Bizkaia Park-era –LH-3koak eta LH-4koak–; eta Elosura joango dira kanpinetan gaua pasatzera LH-5ekoak.

Irteera horiez gain, udalekuetako koordinatzaileek prest dute aurtengo programa. Honela azaldu du koordinatzaile taldeko Ihart Moiuak: "Ekintza interesgarri eta erakargarrietan parte hartzeko aukera izango dute aurten ere udalekuetara etorriko diren neska-mutilek. Programatuta dauzkagu ekintzak, eta, egiten duen eguraldiaren arabera, erabakitzen joango gara zein egunetan zein ekintza egin. Baina ez dira faltako Look Aldaketa Eguna, Uraren Eguna, Konkis Eguna, Altxorraren Bila, eskulanak eta ibilaldiak".

Moiuak gaineratu du esperientzia "aberasgarria" izaten dela: "Eskola guztiak nahasten ditugu, eta umeendako oso aberasgarria da lagun berriak egiteko. Baita Oñatiko beste leku batzuetan jolasteko ere; izan ere, asko Foruen enparantzan jolastera ohituta daude, baina udalekuetan herriko beste txoko batzuetara joaten gara".

Informazioa Whatsappez bidaliko diete gurasoei, eta edozein zalantzatarako telefono hauek jarri dituzte: 688 78 66 59 –HH-3, HH-4, HH-5 eta LH-1ekoendako– eta 688 78 66 64 –LH-2, LH-3, LH-4 eta LH-5ekoendako–. Estaldura arazoak saihesteko, deiak Whatsappez egitea aholkatu dute.

Uda kanpaina

Bi txandatan banatuta, askotariko kirolen eskaintza dago aurtengo uda kanpainan. Tenisa, badmintona, pilota, patinajea, ur-jolasak, multikirola, eskalada eta mendi bizikleta saioen bi txanda egingo dituzte: ekainaren 23tik uztailaren 4ra lehenengoa eta uztailaren 7tik 18ra bigarrena. Eta txanda bakarra egongo da aquagazten, xakean, golfean, nagusien patinetan, yogan, zumban eta crossfit-ean.

Guztira, 1.375 erabiltzaile izango ditu aurtengo uda kanpainak; lehenengo txandan 863 umek hartuko dute parte eta bigarrenean, 882k. Dena den, umeren batek izenik eman ez duen ekintzaren batean parte hartu nahi badu, Zubikoa kiroldegian galdetu dezake.

Lehenengo egunean begiraleak taldeen zain egongo dira kiroldegiko kantxa urdinaren sarreran, sarrera-irteera guztiak ate horretatik egingo direlako, igerilekuko jarduerak izan ezik. Eta gomendatu dute instalazioetan pilaketak saihesteko parte-hartzaileak baino ez sartzea, salbuespenak salbuespen.

Arte udalekuak

LH-6tik DBH-2ra bitarteko 65 gaztetxo ibiliko dira aurtengo arte udalekuetan, eta gaztelekuan elkartuko dira. Artea esparru zabalean landuko dute eta hainbat diziplina jorratuko dituzte udaleku irekien data berdinetan: astelehenetik uztailaren 18ra bitartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak