Parrokiako atarian izango da prozesio osteko kontzertua

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko eka. 20a, 10:31

Musika banda plazan, prozesio aurretiko kalejiran (Argazkia: Goiena).

Dantzaldiak egin izan ditu han musika bandak, baina kontzertua egingo duen lehen aldia izango da.

Musika bandarendako ere data garrantzitsua da Corpus egunaren ospakizuna. Erritualaren beste elementu bat da. Domekan, prozesioaren aurretik, kalejira egingo du herriko kaleetan barrena, eta irudiekin, dantzariekin eta apostoluekin batera hartuko du parte prozesioan. Behin hori bukatuta, kontzertua egingo du; aurten, baina, parrokiako atarian izango da. Lehendabiziko aldiz egingo dute han.

Dantzaldiak eta kontzertua

Oñatz dantza taldeak arratsaldean plazan egiten duen dantza emanaldiaren ostean ere jo izan du zuzenean musika bandak parrokiako atarian, baina aurten eguerdiko kontzertua ere han emango du. "Duela lau bat urte hasi ginen iluntzeko dantzaldia han egiten, San Migel parrokiaren sarreran dagoen plazatxo hartan. Aurten, prozesio osteko kontzertua ere hantxe egitea erabaki dugu. Atsegina da txokoa", dio bandako zuzendariak, Aitor Biain Bidartek. Euria eginez gero, Zubikoan egingo dute eguerdikoa eta bertan behera geldituko da iluntzekoa.

'Lauda sion'

2025a jubileu urtea dela kontuan hartuta, Iñaxio Ibarrondok prestatutako esperantzari buruzko kantu bat abestuko dute parrokiako bi koruek eta Oñati abesbatzak 11:00etan hasiko den meza nagusian. Apaizek elizan sartu eta aldarerako bidea egiten duten tartean abestuko dute. Ohitura betez, bestalde, aurten ere abestuko dute Aita Madina konpositore oñatiarraren Lauda sion kantua meza nagusian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak