Goizeko dantzek emango diote hasiera Corpus asteburuari

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko eka. 20a, 08:31

Corpus prozesioa plazara iritsita, joan den urtean (Argazkia: Imanol Soriano).

Gaurtik domekara bitartean goiz zein arratsalde entzungo eta ikusiko dira Corpus dantzak ikastetxeetan ez bada auzoetan, edo kaleetan bestela. Dantzariak bezala, kofradeak ere prest daude beroa iragarri duten domekako prozesiorako.

1990eko ekainaren 17an egin zen Corpus prozesioa domekan lehenengo aldiz, duela 35 urte; eguenean, Corpus egunean, egiten zen ordura arte. Aurtengo ere dena dute prest Corpus kofradiako kideek. Baita musika bandako kideek, Aita Madina txistulari taldekoek eta Oñatz dantza taldeko dantzariek ere. Gaur, egubakoitza, hasiko dira kriskitinak astindu eta Corpus dantzak herritarrei eskaintzen.

Beroa dago iragarrita

Herriko hiru ikastetxeetara, baserrietara eta herriguneko hiru auzotara joango dira gaur, eta herri barruan bihar, goiz eta arratsalde, ibiliko dira, 09:00etan plazan egingo duten dantza emanaldiaren ostean. Domekan, prozesioko irudiak parrokiara eramaten lagunduko diete andariei, prozesioan parte hartuko dute, eta arratsaldean egingo dute Corpus dantzen erakustaldia, plazan. Txistulariak izango dituzte ondoan une oro.

Beroa dago iragarrita domekarako, eta horretan ere pentsatu dute Oñatz dantza taldekoek. Ohikoa duten moduan, txandakatu egingo dira dantzariak, kapitainak barne, eta dantzariek ondoan izango dituzte taldekideak, ura emateko. Dantzariek adina bero pasako dute prozesioan parte hartuko duten hamabi apostoluek, San Migelek eta Kristok. Arropa lodiez gain, maskara eramaten dute haiek, eta zailagoa zaie prozesioan zehar ura edatea.

QSD letrak, ezkutuan

Arantzazuko Ama Birjina da prozesioko lehen irudia eta San Frantzisko azkena; beste hamahiru daude bien artean. "Irudi guztiei egiten diegu errepasoa behin ospakizunak pasata, eta, gutxi edo asko, irudi batek edo gehiagok behar izaten du konponketaren bat egin beharra hurrengo prozesiorako. Aurten, San Migelena, San Martinena eta San Isidrorena konpondu ditugu. Azken hori pipiak jota zegoen, eta horren kontrako tratamendua eman diogu, Gasteizko enpresa batean. Beste biak berriztatzen Xabier Mendizabal ibili da", dio Josu Amondarain kofradeak.

San Migelen irudiari joan den urtean egindako zaharberritze lanetan, ezkutuan ondo ikusten ez ziren letra batzuk zeudela ikusi zuen Mendizabalek, eta haiek bistaratu ditu orain: "Urreztatu egin ditugu, eta garbi ikusten dira orain. QSD letrak dira, Quis Sicut Deus (nor da Jaungoikoa bezala). Miguel Goiaingeruaren esanahia da latinez". San Martini, berriz, apurtuta zituen bihotza eta bakulua konpondu dizkio Mendizabal zaharberritzaileak; eskuaren eta bakuluaren arteko lotura ere sendotu du, hobeto mugitzeko.

Egitaraua

Egubakoitza

  • • 09:00 Corpus dantzak, herriko ikastetxeetan. Ondoren, landa-auzoetan ibiliko dira dantzariak.
  • • 16:30 Oñatz dantza taldearen ekitaldia, Kasablankan, Ugarkalden eta San Martinen –egoitzan ere bai–.

Zapatua

  • • 09:00 Oñatz dantza taldearen Corpus dantzak, plazan. Ondoren, herriko kaleetan ibiliko dira goiz eta arratsalde, txistulariekin.
  • • 18:30 Txorimaloen eta erraldoien kalejira, musika eskolako trikiti taldekoekin.

Domeka

  • • 09:00 Txistularien goiz-eresia.
  • • 10:00 Musika bandaren goiz-eresia eta santuak parrokiara iristea.
  • • 10:45 San Migelen irudia parrokiara iristea.
  • • 11:00 Meza nagusia, San Migel parrokian.
  • • 12:00 Corpuseko prozesioa herriko kaleetan –euria eginez gero, parrokian–. Ondoren, musika bandaren kontzertua, parrokiako atarian –euria bada, Zubikoan–.
  • • 18:15 Oñatz dantza taldearen emanaldia txistulariekin –euria bada, Zubikoan–.
  • • 19:00-20:00 Dantzaldia Musika Bandarekin, Parrokiako atarian –euria bada bertan behera geratuko da-.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak