Denboraldiko balantzea egin du Aloña Mendiko futbol sailak

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko eka. 19a, 12:23

Aloña Mendiko futbol sailaren batzar orokorraren hasieran. (Argazkia: Aloña Mendi).

2024/2025 ikasturteko kirol balantzean jakinarazi dute Noa Montero datorren denboraldian Real Sociedad elkarteko kadete mailan jardungo dela. Balantze ekonomikoan onartu dute hurrengo denboraldirako kuotak daudenetan mantentzea.

Batzar nagusia egin du Aloña Mendiko futbol sailak eta kirol kontuak eta arlo ekonomikoa izan dituzte berbagai.

Kirol balantzea

Hasteko, mailaz maila, taldeen balantzea egin dute. Gizonezkoen ohorezko erregional mailan, taldeak jarraian kateatutako sei porrotek jaitsiera postuetan kokatzea ekarri zuen eta ez dute lortu mailari eustea. Datorren denboraldiari begira, ohi bezala hainbat jokalariren bajak izango dituztela kontuan hartuta, "eskakizuna eta konpromisoa" nabarmen igo beharko direla adierazi dute, talde hori "dagokion lekuan berriz ikusi nahi badugu". Emakumezkoen Debagoiena gorengo mailari dagokionez, aurreko denboraldian mailaz jaisteak, kirol arloko helburuez gain, talde helburuak finkatzera eraman zuen taldea, denboraldi hasieran fokua horretan jarrita, eta adierazi dute, horrek denboraldi "bikain bat" egin eta igoera lortzera eraman duela taldea. Gizonezkoen jubenilen eta kadeteen taldeak ohorezko taldetara igoera lortu dute eta futbol eskolan ere "harrobi sendoa" dutela nabarmendu dute, besteak gauza batzuen artean.

Jakinarazi dute Noa Montero 2025/2026 denboraldian, Real Sociedad taldeko kadete mailako taldean arituko dela.

Elkarteko laguntzaile izan diren eta aurten zendu diren Asier Sagastizabal eta Ismael Egaña gogoan izan dituzte.

Balantze ekonomikoa

Denboraldia 935 euroko galerarekin amaitu dute: diru-sarrerak 243.831 eurokoak izan dira, eta gastuak, 244.766 eurokoak. Hurrengo denboraldian bazkideen kuotak mantendu egingo dituzte –babesleek 65 euro eta orokorrek 50 euro–. Balantzeak eta datorren urterako proposamenak onartu dituzte batzarrean.

Jakinarazi dute, bestetik, indarkeriaren aurkako prebentzioa eta jarduketa protokoloa kirolean lantzen ari direla, eskubaloi sailarekin elkarlanean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak