Eskola kirolean izena emateko epea zabalik dago egubakoitzera arte

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko eka. 17a, 10:03

Hainbat gaztetxo beroketak egiten, hilabete hasieran ospatu zuten eskola kirolaren azken jaian.

Oñatiko Eskola Kirola eta Hezkuntza elkarteak prest du 2025-2026 ikasturteko eskaintza. Online eman behar da izena; eta, aurten, kuota ordaintzeko 50 euroko laguntza egongo da. Eskaintza "berritua eta erakargarria" izango dela nabarmendu dute, talde-lana eta konpromisoa bezalako balioetan oinarrituta.

Oñatiko Eskola Kirola eta Hezkuntza elkartearen helburua da "kalitatezko kirol hastapen eredua eskaintzea". Hori kontuan hartuta, eta elkarteak sustatzen dituen balioetan oinarrituta, ikasturte berrirako eskaintza "berritua eta erakargarria" landu dute. Besteak beste, LH 3, 4 , 5 eta, 6 mailetako neska-mutilak, mailaka, euren artean lehiatuko dira. "Taldetxoak sortuko dituzte, izenak jarriko diote taldeari eta lehiatu egingo dira. Emaitza bakarrik ez dugu kontuan hartuko, konpromisoa eta jarrera ere baloratuko dira, besteak beste", azaldu dute Eskola kirola elkartea osatzen duten gurasoek. 
Hortaz, gaur egun Oñatin egin daitezkeen kirol ezberdinak ezagutu eta lehiatzeko aukera izango dute kirolari gaztetxoek.

Online eman behar da izena

2025-2026 ikasturtean eskola kirolean parte hartzea nahi duenak asteon izango du horretarako aukera, ekainaren 20ra arte, hain zuzen. Web orriaren bitartez eman behar da izena, hemendik. Laguntza behar duenak koordinatzailearen bidez jasoko du laguntza onatieskolakirola@eskolakirola.eus helbidera idatzita. Eskola kirolean alta emateko webgunean erregistratu behar da –iaztik kontua sortuta dutenek ez dute beste kontu bat sortu behar–.



Eskaintza, mailaz maila


LH 1eko eta LH 2ko umeek Jolas-hezi izeneko eskaintza izango dute. Umeek euren ikastetxeetan izango dituzte saioak. Elkar Hezin astelehenetan izango dira saioak, 16:45etik 18:15era. Txantxiku Ikastolan, LH1 mailakoek eguaztenean edo eguenean izango dituzte saioak, 16:45etik 18:15era; eta, LH2 mailakoek astelehenean edo martitzenean. Urgainen, aldiz, LH1 mailakoek eguenean izango dituzte saioak, eta LH2 mailakoek martitzenean, guztiak 16:45etik 18:15era.
 LH 1-2koek 90 euroko kuota izango dute, aldi bakarrean edo bi epetan ordaindu daitekeena.



LH 3. 4. 5. eta 6. mailakoek ikastetxeetan edo Zubikoan egingo dituzte saioak eta hiru ikastetxeetako ikasleak nahastuta egongo dira saioetan. LH6 mailakoek astelehenean edo eguaztenean izango dituzte saioak, 16:45etik 18:15era; LH5 mailakoek eguaztenean, 16:45etik 18:15era; LH4 mailakoek, eguaztenean izango dituzte saioak, 16:45etik 18:15era edo 18:15etik 19:45era; eta LH3koek eguenean, 16:45etik 18:15era edo 18:00etatik 19:30era.
LH3tik LH6ra bitarteko ikasleek 110 euroko kuota ordaindu beharko dute ikasturtean zehar, aldi bakarrean edo bi epetan ordaindu daitekeena.



Kuota ordaintzeko laguntza

Eskola Kirola elkarteak Rural Kutxarekin egindako akordioari esker, gaztetxoek 50 euroko laguntza izango dute ikasturteko kuota ordaintzeko. Horretarako, ikasleek Rural Kutxan kontu korrontea izan beharko dute, edo kontu korrontea zabaldu abenduaren 31 baino lehen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak