Ulma Taldeko bederatzi negozioek 1.151 milioi euroko salmenta metatua izan zuten 2024an, "hazkundea finkatuz eta nazioartean duen presentzia indartuz". Izan ere, horrek esan nahi du %1 hazi dela aurreko urtearekin alderatuta. "EBITDA ratioa 225 milioi eurora iritsi zen eta irabazi garbia 109,8 milioi eurokoa izan zen, 2023koa baino %2,8 gehiago".
Ekoizpen lantegi batzuk ireki eta handitu ditu azken urtean, baita filial berriak ezarri ere. Halaber, 145 milioi euroko inbertsioa egin du eta 161 herritar gehiagori eman dio enplegua. "Horri guztiari esker, Ulmak merkatuaren beharrei aurre egin ahal izan die, orain arte bezala", nabarmendu dute.
Azken datuari erreparatuta, enplegu garbia 161 lanpostu gehiagokoa izan da, eta azkenean 5.747 pertsonakoa izan da lantaldea. "Datu horrek garrantzi berezia hartzen du jakinda, oro har, talentu eskasia dagoela, eta Ulmak enplegu egonkorrarekin eta kalitatezkoarekin duen konpromisoa indartu du. Lantaldearen %55ak matrize kooperatiboetan garatzen du bere jarduera".
Nazioartean duen presentzia ere indartu du taldeak, eta beste herrialde batzuetako salmentak fakturazioaren %73 dira gaur egun. Era berean, konpromiso soziala ere nabarmendu du Iñaki Gabilondok, Ulma Taldeko zuzendari nagusiak. "1,1 milioi euro bideratu ditugu gizarte, kultura, hezkuntza eta komunitate ekimenak laguntzera", dio. "Eredu kooperatiboak aukera ematen digu epe luzera begira eta pertsonengan zentratuta kudeatuko dugun proiektu sozio-enpresarial bat eraikitzeko".
Taldeak 2025erako duen perspektibari dagokionez, "lehentasun gisa", zera nabarmendu du Gabilondok. "Ezinbestekoa izango dugu marjina operatiboak babestea, berrikuntzan inbertsioak sendotzea eta ekoizpen gaitasuna hobetzea, baita zuhurtziaz posizio sendoari eustea ere. Aldi berean, Ulmak bere eredu kooperatiboa bultzatzen jarraituko du, lehiatzeko abantaila gisa, jasangarritasunean, balio partekatuaren sorkuntzan eta pertsonekiko konpromisoan oinarritutako epe luzeko ikuspegiarekin".