Eltzia Egunaren helburuetariko bat da eltzekideen arteko elkar ezagutza sustatzea eta elkarren arteko harremana sendotzea. Asmo horrekin antolatu dute aurtengoa ere.
Bihar, zapatua, izango da, eta 12:00etan triki-bertso-poteoarekin hasiko da, San Lorentzo auzoan. Eltzekideek bazkaria egingo dute gero, eta, urtero moduan, Lagun Leku elkartearen bingoarekin girotuko dute bazkalostea.
18:00etan hasita, herritar guztiendako, Izarra eta Mirariren erromeria izango da, eta gero, Irazan Antzerki Guneko kideek DJ saio bat egingo dute, gazteei zuzendutakoa. Diote eltzea "borbor" jarriko dutela aurten ere.
Eltzekideek auzolanean antolatuta
Sara Arregi Eltziako dinamizatzailearen laguntzarekin, eltzekideek, elkarlanean edota auzolanean antolatu dute Eltzia Eguna. Batzuk bazkariaz arduratu dira, beste batzuk egitaraua osatzeaz eta besteak kontzertuak lotu eta antolatzeaz… baina hori guztia "modu komunitarioan" egin dutela nabarmendu dute, hori bai, "beti ere herrira zabalduta, edozein herritar etor daitekeelako goizeko eta arratsaldeko ekintzetara".