Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak urte bukaerako sariak eman zituen eguaztenean Zarautzen egin zen Gisaski galan, eta Aloña Mendiko saskibaloi saileko ordezkariak izan ziren han, Federazioak Aloñari eman dion klub baloratuenaren saria jasotzen.
Sorpresa handia
Gipuzkoako klub baloratuenaren saria jasotzea "sorpresa handia" izan zela dio saileko ordezkari Jon Ander Ugartek, eta, inondik inora espero ez bazuten ere, "opari handia" izan zela dio saileko ordezkariak. Hala ere, sariak ez ditu saskibaloi sailekoak itsutzen; izan ere, lanean jarraitzea "ezinbestekoa" dela dio Ugartek: "Saskibaloi talde bat aurrera eramateko zaila da, oso lan handia egin behar da eta. Gu, dagoeneko, datorren denboraldiari begira jarrita gaude, lotu beharreko kontu guztiak lotzen, eta, azken finean, lanean".
Urte askoko lana
Klub baloratuarenaren saria aurten jaso badu ere, Ugartek badaki Aloña Mendiko saskibaloi sailak urte askoan egindako lanaren emaitza dela: "Ez da aurtengo edo azken bi urteetako lana soilik, urte askoan egindako lana baizik. Lan asko egiten dugu entrenatzaileen formakuntzan, saskibaloi eskolan eta epaileen formakuntzan". Horrez gain, saileko kideen borondatezko lana ere azpimarratu gura izan du Aloñako ordezkariak: "Gipuzkoako taldeen ehuneko handi bat Donostialdean dago, eta guk bi astean behin egin behar izaten dugu ordubeteko joan-etorria; lan-karga handia da. Boluntariotzan oinarritutako talde bat gara eta giza talde oso sendoa osatzen dugu entrenatzaileek, jokalariek eta zuzendaritzako kideek. Esango nuke Gipuzkoako klubek ere balioa eman diotela horri".
Gainera, kanpoko taldeentzat Zubikoan jokatzea plazera izaten dela dio Ugartek; izan ere, Donostian gertatzen da "kantxaren albo batean jokatu behar izatea beste bi partidarekin batera, aldagela propiorik gabe... Oñatin, berriz, Zubikoako kantxa berdea oso ona da, jende asko etortzen da ikustera eta aldagela propioak izaten ditugu", dio oñatiarrak.
Saila osasuntsu
Ugartek dioenez, azkenengo "sei edo zazpi urteetan egonkortu egin da saila". Denera 80 jokalari federatuk eta saski eskolako 50 jokalarik osatzen dute saskibaloi taldea, hamabost teknikariez gain. Halere, "emakumezkoen talde gutxi" dituztela dio oñatiarrak, eta hori da datozen urteetan izango duten erronka.