Bi urteko agintaldiaren balantzea egin du Oñatiko Udal Gobernuak

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko eka. 13a, 11:00

Orain arteko agintaldi-planaren balantzea egin du Udal Gobernuak, eta azaldu du bertan jasotako proiektuen %80 eginda edo martxan daudela eta espero duela urtea bukatu aurretik agintaldi-planeko egitasmoen erdia bukatuta izatea.

2023ko hauteskundeetarako egindako herri-programa bide-orri dutela adierazi du Udal Gobernuak eguerdian Foruen enparantzan egin duen prentsaurrekoan. Bi urteko agintaldiaren balantzea egin dute bertan.

Proiektuak, martxan

Hauxe azaldu du Izaro Elorza alkateak: "Legealdia hasi zenetik bi urte igaro dira, eta esan dezakegu gure legealdi-planak jasotako proiektuen %80 eginda edo martxan daudela. Zehatzago esanda, egitasmoen %17 ditugu bukatuta, eta hasita ditugu proiektuen %63. Esan izan dugu. Proiektu garrantzitsu ugari ditugu esku artean, lanketa handia eskatzen dutenak, egun batetik besterakoak ez direnak. Eta lanketa hori guztia epe motzean igarriko dugu. Espero dugu urtea bukatu aurretik legealdi-planeko egitasmoen erdia bukatuta izatea".

Beste datu esanguratsu bat ere eman du alkateak: agintaldia hasi eta gaur arte, aurrekontuetan aurreikusiriko inbertsioen ia %90 egin dituztela esan zuen, eta "pozik" egoteko moduko datuak direla gaineratu: "Lan handia egin den seinale".

Bost lan-ildo nagusi

Herri-programa bost lan-ildo nagusitan banatu zuten, eta balantzea ere horien arabera egin dute: bizitza duinak bermatzea eta zero bazterkeria, burujabetza eta trantsizio ekosoziala, lurralde garapen orekatua, kultura eta nortasuna eta gobernantza dira lan-ildo horiek.

Etxebizitzaren alorrean, esaterako, adierazi dute bailara mailako etxebizitza azterketa ari direla lantzen 2024eko iraila ezkero. "Etxebizitza plana landu dugu, eskualde zein herri eskala aintzat dituena. Ikasturte amaieran azalduko ditugu emaitzak. Prozesu horri esker, epe laburreko ekintzei heltzeko moduan egongo gara legealdi honetan, eta etxebizitza hutsak merkaturatzeko baliabideak eskaintzea izango da helburu nagusia", esan du Elorzak. Bakardadeari aurre egiten saiatzeko proiektua, haur eta gazteen osasun mentala erdigunean jartzearen garrantzia, zaintza eredu berri bat edota Oñatiko harrera plan integrala ere izan dute berbagai.

Burujabetza eta trantsizio ekosozialari dagokionez, energian, adibidez, Oñatiren "erreferentzialtasuna indartzea" ekarriko duten "urrats sendoak" egin dituztela esan du Elorzak: "Esanguratsuena Oñatiko argindar merkaturatzailea sortzeko prozesua izan da. Oñatik argindar merkaturatzaile propioa izango du urte bukaerarako. Eredu izango da. Aurrekari". Horrez gain, Oñatin sortu den Elikadura Mahaia eta tokiko elikadura burujabetza bultzatzen duen Debagoiena mailako Tokixan ekoizpen proiektua ere izan dute hizpide.

Garapen sozioekonomikoan, adibidez, PERCO merkataritza planak jasotako ekintzekin hasi direla esan dute, ekintzailetasuna, formakuntza eta sentsibilizazioa lantzen; eta, Debagoien mailan, komertzio txikien oinordetza bermatzeko programak diseinatzen jardun dutela. Kirolerako eta aisialdirako bestelako azpiegiturak hobetu egin dituztela azaldu dute; esaterako, pumptracka eraiki dutela Eltzia inguruan eta kalistenia parkea San Martinen.

Herriko sortzaileak, kultur eragileak eta auzo batzordeak laguntzen jarraitu dutela ere esan zuten. Eta Oñati "herri hezitzaile eta inklusiboa" izan dadin lanean ere jarraitu dutela.

Gainera, egindako lanari esker, besteak beste, Europar Batasuneko Next Generation funtsen babesa izango du Unibertsitatearen proiektuak. 3 milioi euroko laguntza jasoko dela gogora ekarri dute. Eta "azken urteotan egin dugun aurre-lanketa eta lan mardulari esker", beste 2,7 milioi euroko laguntza jasoko dela Next Generation funtsetatik "proiektu desberdinetarako, herria hobetzen jarraitzeko". Hauxe esan du Elorzak: "Lan handia egin behar izan dugu, baina egindako ahaleginak izan ditu bere fruituak… Ohikoan bi urteko epealdian udal honek inbertsioetarako duen diruaren parekoa den kopurua lortu dugu Next Generation funtsetatik eratorritako diru laguntzetan". 

Lan-ildoetara itzulita, gobernantzari dagokionez, zerbitzu eta ekipamenduen izaera-komunitarioan edo elkarlan publiko-komunitarioan sakontzeko egindako lana azpimarratu dute, hau esan du alkateak: "Finean, gobernatzeko modua eraldatzen ari gara, herrikideak erdigunean jartzen, erabakimen espazioak zabaltzen… Horixe bera egin dugu, esaterako, Emakumeen Etxearen proiektuan".

"Aurrera doan herria"

Oñati "aurrera" doala ere esan du alkateak: "Aurrera doa, duela hamalau urte aukeratu zuen norabidean. Aurrera doa, herritik eta herriarendako eraikitako herri ereduan, berdintasunean, tokiko garapenean, ongizatean, inklusioan, herri hezitzaile izaeran, iraunkortasunean… Aurrera doa, bai. Eta poztekoa da. Horri esker, Oñati eredu da alor askotan. Horri ere balioa eman behar diogu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak