Emakumion Etxiaren bueltan ikasturtean egindakoak partekatu dituzte herritarrekin

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko eka. 12a, 10:40

Herritarrek aukera izan zuten taldetan banatuta Emakumion Etxiari buruzko ikuspegia partekatzeko.

Emakumion Etxia 2026ko udaberrian zabaltzea aurreikusten dute, baina ordurako guztia prest egoteko, ikasturte honetan zehar bost lan-talde martxan ibili dira lanean eta herritar guztiendako irekia izan den topagunean partekatu dute egindakoa.

Ikasturte amaierako topaketa irekia egin zuten atzo, eguaztena, Emakumion Etxiaren bueltan, eta orain arte egindakoak eta aurrera begirakoak jendaurrean aurkeztu zituzten.

Azaldu zuten batetik, Kale Zaharra 13ko eraikinean obretan dabiltzala eta lan horiek urte amaierara arte iraungo dituztela; eta bestetik, emakumeekin batera egiten dabiltzan parte-hartze prozesuan, etxearen parte izateko modu batzuk estreinatu dituztela dagoeneko.

Atzo egin zuten Emakumion Etxeko topagunean, herritarrak azalpenak entzuten.

Lan-taldeak martxan daude

Etxearen gobernantza eredua partekatua da, Udala zein herritarren artekoa, eta erabakiak hartzeko lan-taldeak martxan jarri direla azaldu du Jone Arrazola Emakumion Etxeko teknikariak: "Ikasturte oso bat egin dugu lanean. Bost talde egon dira martxan, bakoitza bospasei emakumez osatutakoa, eta Udaleko ordezkari politikoak eta teknikariak egongo ginateke hori laguntzen. Lan-taldetan ez dauden beste 25 emakume inguru ere badaude, egin ditugun bilera orokorretan egon direnak, eta hori ere oso ondo baloratzen dugu".

Emakumion Etxeko topagunean, taldeka bakoitza bere ikuspuntua partekatzen.

Hauek dira bost lan-taldeak: talaiakideak, proiektua gainbegiratzen dutenak eta etxearen izenaren proposamena lantzen ibili direnak, esaterako; gobernantak da beste talde bat, horiek antolaketa eta gobernantza sistema definitu dute; programatzaileak ere badaude, eta horiek lantzen hasita daude 2026ko udaberriko irekierarako programazioa; komunikazioaz arduratzen diren zubigileak ere badaude eta horiek aztertu dute herriko zein eragileren interesekoa izan daitekeen etxea; eta saltserak dira ekintza zuzenean aritzen direnak, adibidez, Martxoaren 8ko mobilizazioan egin zuten ekintza bat eta astean egindako topagunea eremu "atsegin eta alai bat" izan zedin, musika jartzen ibili ziren.

Datorren ikasturtera begira, hiru talde berri sortzeko asmoa dute: elkarbizitza eta kohesioa edo taldeen arteko zaintzari erreparatuko dion talde bat; emakumeon elkar-babeserako sare izan nahi duen bidelagunak taldea; eta etxekoandreak deiturikoa, etxean "egote kontziente bat" egin gura dutenendako, izan daiteke etxea atontzeko, landareak ureztatzeko...

Gobernantza eredu partekatua

Udalaren zein herritarren arteko gobernantza eredu partekatua izango du Emakumion Etxiak. Horrela azaldu du Arrazolak: "Gobernantza eta kudeaketa banatzen ditugu. Uste dugu bi eremu direla eta herriko emakumeek erabaki eremutan egotea uste dugu gakoa dela, baina horrek ez du esan nahi kudeaketaz eurek arduratu beharko direnik. Orduan, hartu den erabakia da kudeaketaz udala arduratuko dela, baina erabaki-eremu guztiak izango direla emakumeei irekitakoak. Gobernantak taldea aurten sistema pentsatzen ibili da, baina hurrengo ikasturtetik aurrera, gobernantak taldea osatuko dute aurretik dauden lan-talde guztietako ordezkariek". Eta gaineratu du erabakiak hartzeko sistema adostasunezkoa izango dela: "Erabakiak ez dira gehiengoz hartuko, soziokrazian oinarrituko den adostasunezko sistema daukagu; ikasturte honetan probatu dugu eta emaitza onak eman ditu".

Etxea, datorren urteko udaberrirako

Kale Zaharreko Emakumion Etxia eraikina 2026ko udaberrian ireki ahal izatea espero dute. Halaxe azaldu du Izaro Elorza alkateak: "Etxearen irekiera, batez ere, obraren gauzapenarekin lotuta dago. Momentu honetan bigarren faseko obrak gauzatzen ari gara –barne banaketa, instalazioak…–, eta aurreikusitako martxan doaz. Hori bai, behin obrak amaituta, etxea janzteko eta txukuntzeko tarte bat beharko da. Tarte horretan, irekierarako gainerako guztia prest izateko lanean aritu gara ikasturtean. Aurreikuspena betetzen bada, datorren urteko udaberrian irekitzea espero dugu".

Fisikoki etxearen banaketa parte-hartze prozesu baten bitartez diseinatu zuten eta hori gauzatze proiektura ahalik eta fidelen eramaten saiatu direla zehaztu du alkateak: "Etxea guztiz hustuta egonda, aukera geneukan etxearen helburuak eta jarduerak pentsatu, bertan gertatu nahi zena irudikatu, eta horren baitako banaketa edo diseinu bat egitea. Hori horrela, espazio ezberdinak egongo dira, batzuk intimoagoak, beste batzuk irekiagoak eta ekintza ludikotarako pentsatuak, sormen espazioak, biltzeko espazioak, artatzeko espazioak... Bai esan, irudikatu ditugun erabilerak batzuk direla, eta etxea nahiko malgutasunekin diseinatu dela, behar berriei ahalik eta egokien erantzun ahal izateko".

Emakumion Etxiak barrutik izango duen espazioen irudikapen bat egin zuten aurkezpenean.

Informazio gehiagorako

Informazioa, herritarren eskura Etxearen berri eduki nahi duten herritarrek, Oñati.eus webgunean daukate informazioa, Whatsapp kanala ere badago eta Instagramen ere badaude @emakumionetxia kontuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak