Urtero, bainu denboraldia zabaltzear dagoenean, urpekariak joaten dira Usakoko ur putzua garbitzera, eta aurten ere izan dira; egubakoitz arratsaldean izan ziren bertan. Zapatuan, ekainaren 14an zabalduko da bainu denboraldia eta irailaren 14ra arte, hiru hilabetez izango da Usakon sorosle zerbitzua, 15:00etatik 20:00etara.
Errekako uraren zaintza, lehenago hasi da eta datozen astetan mantenduko da. Iaz udalak berreskuratu zuen uren kalitatearen kontrol eta analisien ardura. Osasun Sailak eskatuta, bainu ez gomendatua kartela jarriko da bainu-gunearen inguruan, azken urtetan egin den bezala.
Gainera, egunotan Usako-gunea –aisialdiko espazioa; belardiak eta ingurua– lehengoratzeko lanak amaitzen ibili dira; txabolari egurrezko azal berria jarri, Ixibai baserritik gora bidezidor –sendatxoa– berria, hesiekin bazterrak babestu, hilerritik jaisten den bidean bizikleta-aparkalekua jarri, Zuazola zubitik belardira doan bidea txukundu... aldaketak egin dituzte, ingurua txukundu, babestu eta irisgarriago egiteko helburuarekin.
Etxe Zuritik Usakorako errepidean bidegorria egiteko obrak egiten ere ari dira eta oinezkoendako mugatuta egongo da pasoa uda guztian, obrak iraun bitartean.
Ur-txorroten parkea ere prest dago
Eltzia aurrealdeko ur-txorroten parkea ere gertu dago zabaltzeko, eta hori ere zapatuan zabalduko da, irailaren 14ra arte. Ordutegia izango da 11:00etatik 21:00ak arte.
Zubikoako berdegunea eta solariuma
Kiroldegiko igerilekuko berdegunea eta solariuma, berriz, eguenean, hilak 12, zabalduko da.