Ihes-gela jokua ardatz hartuta jarri du martxan Txanda dendarien elkarteak, kanpaina berria. Jokoaren helburua da gazteek herriko dendak eta bertan saltzen dituzten produktuak ezagutzea eta komertzio txikiaren garrantzia ikusaraztea. Gaur hasi eta uztailaren 12ra bitartean, 15-25 urte bitarteko gazteentzako izango da martxan ihes gela jokoa, bertan parte hartzeko izena eman zuten Txandako 27 saltokitan.
Pasaportea bete behar
Gazteek jolasa osatzeko pasaportea eskuratu beharko dute denda batean –ez dute erosketarik egin behar hortarako–, eta bertan adierazten diren 27 saltokietatik pasa beharko dira ezkutuko pistak aurkitu eta horiek balioztatzeko.
Pasaporteko mezua osatu beharko dute parte-hartzaileek eta falta diren hitzak ateratzeko pistak Txandako komertzioetan aurkitzen dira. Pasaportean QR kode bat dago eta bertan daude denda parte-hartzaile guztiak zeintzuk diren.
Pasaportean denda bakoitzak bere tokia dauka eta soluzioa pasaportean dagoen esaldiko hutsunetan idatzi beharko dute parte-hartzaileek uztailaren 12a, 13.00ak baino lehen, Aranburu Margoak dendan entregatuta.
Sariak
Pasaportea ondo osatuta entregatzen duen lehenengo pertsonak 500 euro irabaziko ditu Oñatin erosketak egiteko erosketa txarteletan. Eta gainontzeko parte-hartzaileen artean 200 euroko hamar sari zozketatuko dituzte.
Zozketaren irabazleei uztailaren 14an jakinaraziko zaie saridun izan direla, telefonoz edo posta elektronikoz. Eta sari-banaketa uztailaren 15ean egingo dute San Juan Kale 5en, 20:15ean.