Gazte mailako 106 ziklistek eman zuten izena 55. Arantzazu Igoeran parte hartzeko, eta 88 heldu ziren helmugara, lasterketa gogor baten ostean.
Tropela lehen aldiz Santipullau igotzen apurtu zen (20. kilometroa). Taldetxo batek aurrera egin zuen, baina, Bergarara heldu aurretik, bat egin zuten txirrindulari guztiek. Segituan, bigarren ihesaldia gertatu zen, eta Osintxurako joan-etorri egin bitartean iraun zuen. Berriro tropelak bat egin, eta Oñatiraino elkarrekin heldu ziren.
Bada, Arantzuzuko igoera hasi aurretik dagoen biribilgunean, garaipena nahi zuten ziklistek pedal kolpea aldatu, eta indartsu joan ziren aurrera. Urtiagainera heldu orduko, gerora podiuma osatu zuten hiru txirrindulariak, bakarrik geratu ziren lasterketa buruan.
Elkarrekin ondo konpondu ziren, eta abiadura handiarekin egin zituzten azken kilometroak. Sindika jatetxearen osteko aldapatxoak erabaki zuen irabazlea. Otegik bi segundo besterik ez zizkien atera Unanueri eta Atxegari. "Lasterketa polita eta gogorra izan da, eta eroriko barik, gainera. Kontuan hartuta bataz bestekoa abiadura 41 kilometro ordukoa izan dela, pozik gaude", esan dio GOIENAri Aloña Mendi txirrindulari saileko presidente Aitor Atorrasagastik.
Etxeko ziklistak
Ulma-Aloña Mendiko lau ziklistak hartu zuten parte 70 kilometroko proban. Horietan azkarrena Mario Elizburu izan zen, sailkapen orokorrean bosgarren izanik.
Xabar Irizarrek, Urko Vicuñak eta Danel Markuletak ere parte hartu zuten.