Gaur, 19:00etan, hasiko dira Olarako jaiak, trikitilarien, erraldoien eta txorimaloen eskutik, eta ondoren, 19:30ean, euskal hanburgesak dastatzeko aukera egongo da, kontzertuak hasi aurretik. Asteburu osorako egitaraua antolatu dute Jai Batzordeko kideek, eta adin tarte guztietako herritarrentzako ekintzak egongo dira; besteak beste, haur jolasak, mus txapelketa, herri kirolak eta euskal parrillada egongo dira Olakuan.
Zapatu goizean, 10:30ean, haur jolasak eta txorimaloekin argazkiak ateratzeko aukera egongo da. Gero, 11:30ean, Lizargarate Trikiti Elkarteak kontzertua eta kalejira egingo ditu. 12:00etan haurren mendi bizikleta irteera egongo da, eta ostean, 14:30ean, auzo bazkaria egingo dute. Arratsaldean, 18:00etan aterako dira trikitilariak, erraldoiak eta txorimaloak, eta 18:30ean talogileak egongo dira txosnagunean.
Egitarauarekin bukatzeko, domekan 10:30ean haurrentzat eta helduentzat tailerrak egongo dira Natur Eskolan, eta ostean, 11:00etan, auzoko hildakoen aldeko meza egingo da. 12:30ean irekiko dute euskal parrilada gunea, herri kirolen erakustaldia hasi aurretik –13:00etan izango da hori–. Arratsaldean, 16:30ean jaietako XXXV. mus txapelketa jokatuko da Olakua tabernan, eta bitartean, Oñatz dantza taldeko gaztetxoek erakustaldia egingo dute txosnagunean. 18:30ean Iago magoaren emanaldiaren txanda izango da, eta jaiei bukaera emateko bertso erakustaldia egingo dute Urko Arregi, Urko Egaña, Aitor Tatiegi eta Gontzal Belategi bertsolari oñatiarrek.
Musika emanaldiak
Gaur bertan lau kontzertu egongo dira txosnagunean: Garratz, Larru Beltzak, Radiocrimen eta Kaos Urbano taldeek joko dituzte kontzertuok, 21:00etan hasita. Bihar, zapatua, berriz, 22:00etan hasita, Fito & Fitipaldis taldearen kantuak joko dituen Buen Castigo taldearen kontzertua egongo da. Ostean, DJ Oztopo, Nagusi & Kalamarrek izango dute gaua girotzeko ardura.