300 neska-mutiletik gora aurtengo Txantxiku sarian

Julen Murua Mesonero 2025ko eka. 5a, 18:00

Txantxiku saria lehiaketaren une bat, artxiboko irudi batean.

Zortzi taldetako kideek hartuko dute parte Txantxiku saria lehiaketaren 37. edizioan, eta parte hartzaile guztietatik 77 izango dira igerilari oñatiarrak. Aloña Mendiko igeriketa saila "momentu onean" dagoela diote bertako kideek.

Gipuzkoako igerilarien topagune bihurtuko da, beste behin, Zubikoako igerilekua; izan ere, urteroko hitzordu bilakatu den eta egutegian gorriz margotuta dagoen Txantxiku saria lehiaketa jokatuko da zapatuan. 15:30ean hasiko dira igerilariak uretara salto egiten –bakoitza dagokion unean, modalitatean eta distantzian–, eta guztira 325 neska-mutil inguruk parte hartuko dute.

Igerilekua beteta

Beste urte batez, Zubikoa igerilariz beteta egotea espero dute Aloña Mendiko igeriketa saileko kideek. Txantxiku saria urteroko hitzordu bilakatu da askorentzat, eta, horrenbestez, egongo dira urtetik urtera huts egiten ez duten parte hartzaileak. Zortzi taldetako ordezkariek hartuko dute parte zapatuko txapelketan; hain zuzen ere, Aloña Mendi, Fortuna, Igartza, Bergara, Zubi-Aurre, Ordizia, Eibar eta Izarraitz taldeko kideak egongo dira Zubikoan, eta parte hartzaile guztietatik 77 izango dira Aloña Mendikoak. Aloña Mendiko igeriketa saileko kide Xabier Gordoaren arabera, Txantxiku saria urtero jokatzeak erakusten du "betidanik" izan dela izen ona izan duen txapelketa: "Izan ere, gazteak gustura etortzen dira igerilekura, gozokiak ematen dizkiegu eta sari asko egoten dira; beti izaten da berezia". Gainera, gaur egun Euskal Herrian zehar hainbat txapelketa dauden arren, "betiko taldeak Zubikoako igerilekuan" egoten direla dio Gordoak, eta eurekin guztiekin "harreman handia" dutela onartzen du igeriketa saileko kideak.

Emaitzak, bigarren mailakoak

2012 eta 2016. urte bitartean jaiotako neska-mutilek parte hartuko dute Txantxiku sarian, eta, hori kontuan izanda, Gordoak dio txapelketako emaitzak bigarren mailako kontua direla: "Kategoria horietan, parte hartzea da garrantzitsuena; izan ere, igerilari batzuentzat jokatzen duten lehenengo txapelketa izango da. Giro ona bermatzea eta parte hartzea sustatzea da Txantxiku sariaren helburu nagusia".

Saila, momentu onean

Sailaren egoerari dagokionez, "momentu onean" dagoela dio Gordoak. "Gipuzkoako talde handienetakoa" da Aloña Mendi, eta, gorabeherak "beti" egoten diren arren, "akatsetatik ikasi eta etengabe hobetzen" saiatzen direla nabarmendu du. "Txapelketa garrantzitsu askotan" parte hartzen dute oñatiarrek, eta hori, Gordoaren ustetan, "saila lan ona egiten" ari delako gertatzen da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak