Oñati Abesbatza, elkartrukerako gertu

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko mai. 30a, 09:02

Oñati Abesbatza osatzen duten abeslariak eta erdian Mirengu Plazaola zuzendaria, talde-argazkian. (Argazkia: Oñati Abesbatza).

Zaragozako Caspe herrira abiatuko dira gaur Oñati Abesbatzako kideak, eta bihar, kontzertua emango dute, hango eta Atarrabiako abesbatzekin batera egingo duten emanaldian; hurrengo asteburuan, Oñatira etorriko dira abestera Caspekoak.

Aurtengo abesbatza-trukerako prest dago Oñati abesbatza. Gaur arratsaldean irtengo dira Zaragozako Caspe herrira, eta domekara bitartean egongo dira han; bihar, zapatua, egingo duten Caspeko abesbatzen zortzigarren topaketan hartuko dute parte.

Javier Garcesek zuzentzen duen Ciudad de Caspe izeneko abesbatzarekin egingo dute elkartrukea, eta kontzertuan beste koru batek ere hartuko du parte: Mari Paz Arizkunek zuzendutako Atarrabiako Paz de Ziganda Helduen Abesbatzak.

Oñati abesbatzako zuzendari Mirengu Plazaolak adierazi du horrelako elkartrukeak aberasgarriak izaten direla taldearendako: "Elkartrukeak, alde batetik, lana dakar, edozein kontzertuk bezalaxe. Baina, gero, abesbatzarendako elkarbizitza-puntu bat da; kanpora ateratze horretan, hiru egun jarraian egongo gara denok elkarrekin, eta harremanak asko sendotzen dira, nahiz eta gehienek urte pila bat daramatzaten abesbatzan eta oso harreman ona duten. Baina oso ondo dator, berriak ere integratzeko eta ikus dezaten zein den gure talde-dinamika eta talde-lana".

Kontzertuko programa

Santa Maria la Mayor de Caspe kolegiatan izango da kontzertua, 19:30ean, eta talde bakoitzak bere errepertorioa eramango du. Oñatiarren programari buruz, hau zehaztu du Plazaolak: "Kasualitatez, Javier Bustok duela gutxi utzi du musikarekin zeukan zuzendaritza-lan harremana, eta hark moldatutako hiru abesti daramatzagu: Aragoiko herri batean abestu beharra dagoen S´ha feito de nuey; gero, A tu lado habanera ere abestuko dugu; baita Amor de mi alma ere. Azken hori oso abesti polita da, publikoa aho-zabalik uzteko modukoa. Hasi Claudio Monteverdiren Cantate Domino-rekin hasiko gara; guretzako erronka izan da, ahots bakoitza momentu konkretu batean sartzen delako abestian, eta horrenbeste pertsonarekin egitea erronka izango da, baina polit egingo dugu. Eta, nola ez, euskal kantak ere izango ditugu bertan: Maiteak galde egin zautan eta Sorotan Beleren Arratsalde honetan".

Hiru abesbatzek elkarrekin abestuko dute abesbatzentzat egokitutako Jose Antonio Labordetaren Canto a la libertad bertsioa.

Hurrengo zapatuan, Oñatin

Itzulerako kontzertua Caspeko abesbatzarekin Oñatin izango da, ekainaren 7an, Agustindarren elizan, 19:30eko mezaren ostean –20:00 aldera–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak