Aurretik hainbat herritan egin izan den Munduko Arrozak kulturarteko jaia oinarri hartuta antolatu du lehendabizikoz Erei Elkartasunerako Elkarteak Munduko Zaporeak izeneko jaia Oñatin. Erei esperientzia pertsonaletatik sortutako ekimen bat da, ezagututako errealitate migratzaileak medio, mundu-mailako justizia soziala lortzea helburu duen gizarte bateratu baten alde lan egiteko sortua, eta Gipuzkoa mailan jarduten du. Oñatin hainbat ekintza egin izan dituzte, eta orain, herriko aniztasuna ezagutarazi eta elkarren arteko harremanak sendotzeko helburuarekin, zapatuan ospatuko den Munduko Zaporeak jaia antolatu dute.
Askotariko postuak izango dira
Bolivia, Argentina, Sahara, Nikaragua, Ukraina, Kolonbia, Pakistan… hainbat herrialdetako elkarte eta pertsonek hartuko dute parte biharko jaialdian, eta Ereik Udalaren babesarekin eta hainbat elkarterekin elkarlanean antolatu du eguna; besteak beste: Hotz Oñati, Totai Elkartea, Oñatiko Saharar Elkartea, Ukraina-Euskadi Elkartea, Argentina-Euskal Herria taldea, Lur Arte Nika, Alaia eta gehiago.
12:00etan Foruen enparantzan umeendako ekintzekin hasiko dute eguna, eta gaztelekukoen laguntza izango dute horretarako.
Askotariko postuak izango dira, gainera; batzuek janari tradizionala izango dute eta beste batzuek, hainbat herrialdetako artisautza produktuak. Tailerrak ere egongo dira; esaterako, henna tailerra emango dute sahararrek, eta trentza tailerra ere izango da. Dantza folklorikoen ikuskizunak ere egongo dira eta Ukrainakoek, adibidez, euren jantzi tradizionalen desfilea egingo dute.
Kulturarteko jaia
Erei elkartekoek adierazi dute aspalditik zutela gogoa horrelako egun bat antolatzeko: "Beste urte batzuetan antolatu izan diren kulturarteko jaietan parte hartu izan dugu eta horrelako zerbait egiteko ideia aspalditik zetorren. Azkenean, bilera ireki batzuk egin ditugu eguna antolatzeko; pozik gaude jende dezente egon delako bilera horietan, herritarrak eta hainbat elkarte ere lagun izan ditugu, eta gure asmoa da zapatuko jaiarekin espazio bat zabaltzea herrialde eta kultura askotariko pertsonek elkar ezagutu dezaten. Izan ere, parte-hartzaile gehienak Oñatin bizi dira eta guztion arteko harremanak sustatu nahi ditugu jai giroan".