Oñatiko Txantxiku Ikastola izan da COAATG Gipuzkoako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialak antolatutako lehen Hormigoi Lehiaketa Mundialaren irabazlea. Lehiaketaren helburua da arkitektura teknikoa ezagutaraztea eta ikasleen artean bokazioa piztea, arkitekto teknikoen "eskasiari" erantzuteko.
Oñatiko Ikastolako DBH 4. mailako talde batek 13,6 N/mm2ko erresistentzia duen hormigoi lagina aurkeztu du. Haien ondoren, Oñati institutua –13,5 N/mm2– eta Lazkaoko San Benito ikastola –13,4 N/mm2– sailkatu dira, hurrenez hurren. Datu horiek GIKESA Laborategiko hormigoi-prentsa baten bidez jakin dira; tresna horrek hormigoiaren haustura konpresio bidez neurtzen du eta aplikatutako gehienezko presioa erregistratzen du.
Nagore Azuabarrena COAATGko presidenteak azalpen hauek eman ditu: "Jaso ditugun lagin gehienak ez dira gutxieneko erresistentzia maila lortzera iritsi, baina normala da: Gipuzkoan ez ezik, beste probintzietako zentro gehienek ere antzeko emaitzak eman dituzte. Hala ere, erronka honen bidez hormigoiaren ekoizpen-prozesuaren gakoak ulertu dituzte ikasleek: materialen proportzioak, trinkotzea, ondo egindako sendatzea... eta horrekin geratzen gara". Elkargoak emandako sariaren bidez, gainera, Txantxiku Ikastolako ikasleek Bilbora irteera egiteko aukera izango dute.
20 ikastetxetako 300 ikasle
Lehiaketaren lehen aldian Gipuzkoako 20 ikastetxek hartu dute parte. Aste Santuko oporraldiaren aurretik jaso zuten COAATGk bidalitako materialen kit-a –zementua, hondarra, legarra eta ura–, eta horiek erabili dituzte hormigoi laginak sortzeko. 20 ikastetxetako 300 ikasle inguruk hartu dute parte.
Guztira, hamaika probintziatan antolatu da Hormigoi Lehiaketa Mundiala, eta irabazleen artean Espainiako txapelketa jokatuko da datozen asteetan.
Sormenaren saria, laster
Arkitektura teknikoaren lanbidea modu ludikoan zabaltzeko eta ikasleen sormena sustatzeko, lehiaketak kategoria berezi bat izan du: sormenaren saria. Kategoria horretara bideoak eta argazkiak aurkeztu dituzte ikasleek, arkitektura teknikoari edo hormigoiaren ekoizpenari buruzkoak. Lehiaketa ez da oraindik ebatzi, puntuak epaimahaiak eman behar dituelako eta bihar arte izango dutelako aukera Tiktok sare sozialeko erabiltzaileek puntuak emateko.