Iñaki Mugarza oñatiarra izango da Smartlog Nest Cycling Team txirrindularitza taldeko kirol arduraduna, eta eginiko hautuaz jardun du Jon Odriozolak, Smartlog taldeko arduradunak: "Oso pozik gaude Iñaki Mugarza taldeko kirol arduraduna izateaz. Oinarrizko kategorietan txirrindulari zein kirol zuzendari gisa duen esperientzia zabala funtsezkoa da gure proiektua sendotzeko eta gure talentu gazteentzat prestakuntza zorrotza eta hurbila eskaintzeko. Ziur gaude bere lidergoak eta ezagutzak erabakigarri lagunduko dutela ingurune egoki bat sortzen, non txirrindulariek hazteko eta euren gaitasunik handienak garatzeko aukera izango duten. Gure ikuspegia eta balioak partekatzen dituen profesional baten laguntza dugu".
23 urtez azpikoen eliteko taldea da Smartlog, izen berbera duen enpresa urretxuarrak sustatuta Odriozolarekin, eta gazte talentua garatzeko proiektua izatea du proposamentzat, prestakuntza akademikoa eta lan proiekzioa txirrindularitzarekin uztartuta. Helburu dute taldea 2026an jartzea martxan.
Mugarzaren ibilbidea
Mugarzak, oñatiarra izanik, Aloña Mendi taldean egin zituen txirrindularitzan lehendabiziko urratsak, Gipuzkoa taldearekin 23 urtez azpiko mailara jauzi egin zuen arte. "Txirrindulari gisa etapa amaitu ondoren, txirrindularitzarekin lotuta jarraitzea erabaki zuen, bere esperientzia eta ezagutza gazte promesen garapenean eskaintzeko", eta hamarkada batez aritu da kirol zuzendari Aloña Mendiren kadete eta junior mailetan. Are gehiago, egun, Electro Alavesa-Zuia taldeko kirol zuzendari lanetan ere badihardu, eta ingeniari industrialtzat egiten duen lanarekin uztartzen du zeregin hori.
Smartlog taldean izango duen zereginari dagokionez, taldearen egitura teknikoaren koordinazio orokorra izango du arduratzat, hala nola denboraren planifikazioa, entrenamenduen jarraipena eta txirrindulari bakoitzaren kirol progresioaren kudeaketa. Hala, pozik dago proiektuak ekar dezakeenarekin: "Aukera paregabea eskaintzen die txirrindulariei modu orekatuan hazteko, kirol prestakuntza garapen pertsonal eta akademikoarekin uztartuz, betiere etengabeko lanaren, heziketa integralaren eta talde-balioen gainean eraikitako metodologiaren bidez. Txirrindularitzaren etorkizuna kirolariak bizitzako arlo guztietan laguntzean datza, eta horregatik apustu egiten dugu egitura tekniko eta sendo eta hurbil baten alde, gazteei ikasketak eta kirol ibilbidea arrakastaz bateratzeko aukera emango diena. Proiektuaren arrakasta ahaleginaren, dedikazioaren eta pasioaren uztarketan dago, eta erronka hori arduraz eta ilusioz hartzeko prest gaude"