Gazte gara gazte

Alaitz Atxa: "Galerian, nireak baino janari-argazki gehiago ditut"

Julen Murua Mesonero 2025ko mai. 23a, 13:00

Alaitz Atxa Galdos, lantokian, eskuko telefonoko galeria erakusten ari dela.

Ingeniaritza Elektronikoan graduatu, master bat egin eta doktoretza egiten dabil orain Alaitz Atxa Galdos (Oñati, 2000). Lagunekin irtetea eta korrika egitea du gustuko; baina badu zaletasun nagusi bat: janaria.

Badirudi ez zarela ikasteaz nekatzen.

Jende askok ez du ulertuko, baina ni, posible izango balitz, ikasle izango nintzateke bizitza osoan; azterketak bakarrik kenduko nituzke. Orain, Robotikako eta Ikusmen Artifizialeko doktoretza egiten ari naiz, eta egia da arlo horretan friki samarra naizela; hortaz, gustatuko litzaidake egunero gauza berriak ikastea, irakurtzea eta idaztea.

Ikasten ari zarela lanean ere ibili zara; erraz uztartu dituzu biak?

Gradu eta master osoan egin dut dual sistema, eta oso ondo moldatu naiz. Nire kasuan, onuragarria izan da; izan ere, ikasketekin lotura izan duen lan batean ibili naiz, eta laneko kontzeptu asko ikasketetan erabiltzeko aukera izan dut.

Zure eskuko telefonoko argazki-galeria janari-argazkiz josita dagoela esan dit txoritxo batek.

Hala da, bai; janari-argazki gehiago daude neure buruarenak edo familiarenak baino; kar-kar. Nirekin bazkaltzera datorrenak badaki jaten hasi aurretik argazkia ateratzen diodala janariari. Orokorrean, errespetatzen naute; kar-kar. Gainera, ilusio handia egiten dit jendeak bere bazkarien eta afarien argazkiak bidaltzeak. Etxean egiten dudanari ere argazkia ateratzen diot; batzuetan, Instagramera igotzen ditut, baina, askotan, nire galerian gelditzen dira.

Nongo gastronomiarekin elikatuko zinateke egunero?

Hemengoa baino hoberik ez dago, baina Thailandian eta Marokon, esaterako, asko gozatu nuen. Kanadan maitasuna hartu nion Indiako janariari, eta gaur-gaurkoz, hangoa aukeratuko nuke.

Baina amonaren etxean bezain ondo inon ez, ezta?

Ez dago esan beharrik ere. Gertatzen zait garai txar batean banago gosea joaten zaidala, baina inoiz ere ez zait joango nire amonaren haragi-bolak jateko gogoa.

Korrika ere ibiltzen zara; lasterketetan parte hartzen duzu?

Urte asko daramatzat korrika egiten, baina, egia esan, oso lasterketa gutxitan hartu dut parte: Torreauzon, Oñatiko San Silvestre lasterketan eta Behobian. Ez zait lehiaketa gustatzen, nahiago dut lagunartean irten.

Strava [kirolari lotutako sare soziala] erabiltzen duzu?

Ez dut halakorik erabiltzen. Jendeak errieta egin izan dit ez dudalako egiten dudana gordetzen, baina, egia esan, ez zait interesatzen. Aplikazio eskas bat erabiltzen dut, kilometro kopurua ere gaizki adierazten duena, bidaiatzen dudanean korrika egitera ateratzen naizen tokia eta ibilbidea gordetzea gustatzen zaidalako.

 

MOTZEAN

Janari gustukoena? Bildotsa edo bisigua.

Oñatiko festa gustukoenak? Madalena auzokoak.

Korrika, non? Edonon.

Bidaiatzeko toki bat? Australiara joan nahi dut.

Musika talde entzunena? Gaur egun, La Raiz.

Oñatiko txoko bat? Errementari plaza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak