Denboraldi hasieratik sailkapeneko postu gorenetan aritu da Aloña Mendiko areto futboleko senior taldea: jokatutako 26 partiduetatik, hemezortzi irabazi, bat berdindu eta zazpi galdu ditu. Gauzak horrela, sailkapeneko lehen postuan amaitu du denboraldia, eta, hala, zuzenean sailkatu du Euskal Ligara igotzeko igoera faserako.
Taldeko presidente Iñaki Iglesiasek adierazi du mailaz igo nahi dutela: "Gogoz gaude mailaz igotzeko. Ez dakit igoera jokatuko duten talde guztiek igo nahi izango duten, historikoki play off-etan egon diren talde guztiek gero ez baitute nahi izan mailaz igo; kostu handiagoa dauka denboraldiak, esaterako. Baina gu, behintzat, gogoz gaude, mailaz igo nahi dugu eta taldea topera dago, nahiz eta azken bi partiduak ez diren onak izan. Egia da, hala ere, egon garela taldean jokalari batzuk gordetzen edo babesten, play off-etan ondo egon daitezen; izan ere, matematikoki sailkapenean lehen postuan geunden".
Azkoitia aurkari
Azkoitiko Ttakun taldea izango dute aurkari etxekoek bihar, eta ondo ezagutzen dute taldea. "Uste dut partidu gogorra izango dela, baina aurten ondo eraman izan ditugu euren kontrako partiduak", dio Iglesiasek. Euren bereizgarriei buruz galdetuta, hauxe erantzun du: "Guk, alde batetik, mailaz igotzeko gogoa daukagu, eta, bestetik, Iban Arregi aurtengo entrenatzailearekin ikasi diren jokatzeko era berriek asko lagundu dute, eta hori emaitzetan ikusi da".
Irabaziz gero, finala
Tolosan Igoera faseko beste finalaurrekoa Tolosako Herrikide eta Villabonako Egintza taldeek jokatuko dute. Oñatiko partidutik eta beste finalaurrekotik garaile irteten diren bi taldeek jokatuko dute finala, hilaren 31n, Tolosan. Finala jokatzeko, baina, oñatiarrek, lehenik, zapatuko partidua irabazi behar dute.
Zaleak, Zubikoara
Iglesiasek gaineratu du Azkoitiak afizio "ona eta zaratatsua" daukala eta, seguruenik, etorriko direla Zubikoara, bihar 18:00etan jokatuko den partidura. Eta Aloña Mendikoek oñatiarrak animatu nahi izan dituzte, euren taldea animatzera joan daitezen: "Igotzea lortzen badugu, Oñatiko areto futboleko seniorrak lehenengo aldiz egongo ginateke Euskal Ligan, eta Oñatiko afizioa zapatuko partidura animatzera etorri dadila nahi dugu; ea Zubikoako harmailak betetzea lortzen dugun".