Domeka honetan, hilaren 25ean, Zegama-Aizkorri mendi maratoia jokatuko da eta Oñatiko Udalak astebururako neurri bereziak zehaztu ditu Oñatira eta bereziki Arantzazu aldera joango direnendako.
Autokarabanentzako 60 plaza
Autokarabanek edo bost metro baino gehiagoko ibilgailuek Arantzazuko sarrerako hiru aparkalekuetako 60 plaza izango dituzte erabilgarri, guztiak bete arte. Bai Ertzaintzak eta bai Oñatiko Udaltzaingoak neurri hau egubakoitzetik kontrolatuko dute. 60 plaza horiek betetzen diren unetik aurrera, autokarabanek debekatuta izango dute Arantzazura igotzea eta adierazitako lekuetatik kanpo aparkatzea.
Herrian zazpi aparkaleku
Arantzazura igo ezinik gelditzen diren autokarabanek Ibarrako zelaietan, hilerriaren beheko aldean, beste bi aparkaleku izango dituzte asteburu osoan erabilgarri.
Autokarabanentzako aparkalekuez gain, bestelako ibilgailuentzako bost aparkaleku gehituko dira herrian. Eltzia, Berezao industrialdea eta Anbulategia doako aparkalekuak izango dira eta Kalegoienakoa eta Kiroldegikoa ordainpeko aparkalekuak.
Autobus zerbitzua Arantzazura
Domekan ibilgailua herrian utzi eta Arantzazura igo gurako duten guztiek autobus zerbitzu berezia izango dute egun osoan zehar, herrian Arantzazuko Ama kaleko 18. zenbakitik - Eroski merkataritza-gunearen aurrean - Arantzazun Santutegiko Denda pareraino.
Bost autobus ibiliko dira martxan goizeko 7:00etan hasi eta arratsaldeko 19:30ak arte 10-15 minutuko maiztasunarekin(11:00-13:00 eta 17:30-19:30 bitartean 30 minutuko maiztasunarekin).