Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) jardunaldia antolatu zuen atzo, maiatzaren 17an, Oñatin. "Gerraren eta faxismoaren aurka antolatu!" lelopean, hainbat ekimen egin zituzten herrian zehar: goizeko hitzaldia, bazkaria, arratsaldeko kirol ikuskizuna eta gaueko DJ saioa.
Eguna 11:00etan hasi zen Antixenako Gaztetxean, "Faxismoaren aurrean gazte langileok zer?" izeneko hitzaldiarekin. Ondoren, 14:30ean, bazkaria egin zen toki berean, eta arratsaldean, 18:00etan kirol ikuskizuna plazako frontoian. Egunari amaiera emateko, 21:30ean DJ gaua izan zen gaztetxean. Horrez gain, egun osoan zehar ikusgai egon zen plazan esperientzia antifaxisten inguruko erakusketa bat.
Markel Bellido, Deba bailarako GKSko militantearen esanetan, "pozik gaude herritarrek egitarau osoan zehar ondo erantzun dutelako". Gainera, helburua ez zen bakarrik parte-hartzea sustatzea, baizik eta gerraren eta faxismoaren aurrean antolatzeko beharra sozializatzea, eta uste dugu hori lortu dugula".
Bellido kezkatuta agertu da egungo testuinguru politiko eta sozialarekin: "Krisi kapitalista geroz eta agerikoagoa den garaiotan, langile klasearen egoera kaskartzen ari da, eta kontestu horretan, politikari profesionalen ezintasunak gerrari eta faxismoari ireki dizkie ateak". Hor daude, besteak beste, Europako gerra-dinamikak, Palestinako genozidioa eta talde faxisten agerpena.
Horregatik, GKS Deba bailaratik "gazte langile guztiei antolakuntzarako deia" luzatu diete, eta adierazi dute antolatzen jarraituko dutela: "Gaurkoa bezalako egitarauek, eta bailaran aurrerantzean antolatuko digugun ekimenek bide horretan ekarpena egitea espero dugu".