Mailari eusteko "finala" galdu du Aloñak

Goiatz Arana Begiristain 2025ko mai. 18a, 16:14

Hil edo biziko partidua zuen gaur Ohorezko Erregionalean diharduen Aloñak. Ez da nahi bezala irten, ordea: Añorga hartu du etxean –kategoriako liderra eta aurkari gogorra– eta bisitariarentzat izan dira hiru puntuak. 0-3 amaitu da neurketa.

Lehen zatiko 31. minutuan iritsi da jokaldi erabakigarria: donostiarrek ateratako korner baten ostean, epaileak penaltia adierazi du atzelari batek baloia eskuz ukitu duela argudiatuta, eta bisitariek lehen gola egin dute. Lehen zati horren luzapenean iritsi da bigarren gola; eta neurketaren azken minutuan, kontraeraso batean, hirugarrena.

"Bagenekien gaurko partidua erabakigarria zela eta, galduz gero, mailaz jaisten ginela. Niri gustatu zait nola hasi garen: lehen hamar-hamabost minututan joko aldetik oso sartuta egon gara eta eurak baino gehiago izan gara. Hor egon da gure momentua, baina ez diogu jarraipenik eman eta gola sartu digute. Kosta egin zaigu hortik aurrera; nahiz eta jokalariei esan eutsi egin behar diogula egoera txarretan, ez da erraza hori kudeatzea, eta are gutxiago, egoera honetan", adierazi du Gotzon Urzelai entrenatzaileak, partidu amaieran.

Añorga oso ekipo ona dela eta ez dagoela aitzakiarik gaineratu du: "Añorga oso ekipo gogorra da defentsiboki eta asko kosta zaigu gol aukerak sortzea; eurak, aldiz, gure areatik oso gertu ibili dira. Badakigu joko estatikoan oso ekipo ona dela, estrategia oso landuta zutela... Oso talde ona da fisikoki, erritmo aldetik... maila bat gorago daude. Ez dago aitzakiarik, partidua eurena izan da".

Kolpe latza

Gaurko porrotak mailaz jaistea dakar oñatiarrentzat, matematikoki ez dago inolako aukerarik, eta kolpe latza da hori: "Ilusioz egon gara urte osoan, baina azken neurketa garrantzitsuetan ez dugu atera gure mailarik onena eta pena horrekin nago. Baina, orokorrean, gustura nago taldeak eman duen mailarekin eta erakutsi duen konpromisoarekin. Eta Aloñak horretan jarraitu behar du lan egiten".

Datorrenari begira

Datorren astean denboraldiko azken partidua izango dute eta, nahiz eta sailkapenean eraginik ez duen izango jada, irabaztera joango direla adierazi du Urzelaik.

Datorren urteari begira, lan egitea eta konstanteak izatea tokatuko zaiela dio, goian egon eta berriz ere mailaz igo ahal izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak