Euskaraldia 2025

'Zopa' antzezlanarekin ekin diote Euskaraldiari Oñatin

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko mai. 16a, 08:58

Atzo, maiatzak 15, eman zitzaion hasiera Euskaraldiari, eta, Oñatin, iluntzean Santa Anan egin zuten Euskaraldiko lehenengo ekitaldia: Zopa antzezlana. Aurretik, Udaleko Euskara teknikari Xabier Zabaletak eta Euskaraldiko Oñatiko dinamizatzaile Julen Agirrek testu bat irakurri zuten.

Euskaraldia martxan da eta Oñatin, atzo, maiatzak 15, eman zitzaion hasiera, Zopa antzezlanarekin. Hitanoa oholtza gainera eraman zuen Segurako Xirika antzerki taldeak Santa Anan, eta asteburuan ere izango dira Euskaraldiaren bueltako ekintzak.

Asteburuan, Hika protagonista

Bihar, zapatua, Hika Eguna izango da Oñatin: 13:00etan, hika-poteoa egingo dute, Aker tabernan hasita; 14:30ean, hika-bazkaria izango da, Iturritxo jatetxean, bazkaloste girotuarekin; eta 19:00etan, Eingo taldearekin, kalez kale, hika-erromeria egingo dute, Bogan hasita.

Hika bertso saioa egingo dute, bestetik, domekan, gaztelekuan, 12:00etan. Oihana Iguaran, Miren Artetxe, Aner Peritz eta Andoni Egaña izango dira, Amaia Agirrek gidatuta. Sarrerak Txokolateixan eta Onati.eus-en daude.

Tabernetan, lehiaketa

Oñatiko hitanoa ezagutu eta praktikan jartzeko lehiaketa bat ere martxan dago tabernetan. Parte har daiteke orri bat betez, ondorengo tabernetan: Eltzian, Akerren, Arranon, Otamendin, Onan, Bizipozen, Pake Lekun eta Bogan. Euskaraldiak irauten duen bitartean, maiatzaren 25era arte egongo da aukera parte hartzeko, eta saria maiatzaren 25ean Errekaldeko jaietan 19:00etan egingo den itxiera ekitaldian zozketatuko dute.

Izen-ematea ez da itxiko

Oraindik Euskaraldian izena eman ez dutenek, aukera daukate izena eman eta parte hartzeko. Oñatin, txapak eskuratu ahalko dira Euskaraldiak irauten duen bitartean Txokolateixan, 10:30etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:30etara bitartean.

Ekintza ugari datorren astean ere

Martitzenean, hilak 20, bizikleta martxa egingo da 17:00etan Foruen enparantzatik hasita. Hurrengo egunean, hilak 21, Ombuaren itzala izango da zine aretoan, 18:30ean, doan. Egubakoitzean, hilak 23, eskolarteko Appa Hi! lehiaketaren finala jokatuko da gaztelekuan, 13:00etan. Eta itxiera ekitaldia, hilak 25, egingo da Errekaldeko jaietan, 19:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak