Orain arte ikasitakoak jendaurrean erakusten dabiltza ikasleak

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko mai. 15a, 09:45

Musika eskolako ikasle bat, martitzen arratsaldeko entzunaldian bateria jotzen.

Jose de Azpiazu musika eskolako ikasleen entzunaldiak izan dira astean Santa Anan eta gaztelekuan, Musika Astearen barruan. Gaur, eguena, izango da azken entzunaldia eta bihar, egubakoitza, bailara mailako musika eskolen emanaldia egingo dute.

Jose de Azpiazu musika eskolak antolatuta, Musika Astea ari dira ospatzen aste honetan. Horren baitan, bertan dabiltzan ikasleen entzunaldiak egin dituzte arratsaldez, eta, gaur, eguena, izango da azkena gaztelekuan 17:00etatik 20:00ak bitartean. Horietan, ikasturtean zehar ikasi dutena ari dira erakusten, bai Santa Ana antzokian eta baita gaztelekuan ere. 

"Entzunaldietan musika eskolan erakusten diren musika tresna guztietako ikasleek hartzen dute parte eta ikasturtean ikasitako piezaren bat jotzen dute, egindako lanaren zati bat erakusteko. Irekia da eta edozein etorri ahal izan da ikustera", adierazi du musika eskolako zuzendaritza taldeko Arantzazu Bikuñak. Bertako kide den Jaione Intxaustik, beste hau gaineratu du: "Datorren ikasturtean instrumentua aukeratu behar duten ikasleentzat eta oraindik zalantzak dituztenentzat, edota bigarren instrumentu bat aukeratu nahi duenarentzat dira aproposak astean egiten gabiltzan entzunaldiak. Gaztelekuan instrumentuak probatzeko aukera ere jarri genuen eta arrakastatsua izan zen". 

Pianoa, trikitixa, txistua, gitarra, perkusioa, panderoa, haize-metalak, haize-egurrak, akordeoia, oboea, fagota, biolina edota zeharkako txirula jotzen entzun ahal izan dira ikasleak.

420 ikasle

Egun musika eskolak 420 ikasle ditu eta hamazazpi ikasgai dituzte. Guztira, hamasei instrumentu jotzen ikasteko aukera ematen dute eta ahotsa lantzen ere ikas daiteke.

Matrikulazioa, astelehenetik

Datorren ikasturterako matrikulazio epea astelehenean zabalduko da; hilaren 19tik 29ra bitartean egin ahal izango dira. Informazioa jasotzeko hainbat bide daude: musika eskolara bertara joanda, 943 78 31 74ra deituta edo idazkaritza@jazpiazumusikaeskola.com-era idatzita. Matrikulazioa euren webgunetik egin behar da.

Debagoiena mailako kontzertua, bihar

Musika Astea borobiltzeko asmoz, bihar, egubakoitza, izango da azken emanaldia, eta bertan Debagoieneko musika eskoletako ikasleak izango dira protagonista. 

Santa Ana antzokian egingo da kontzertua 18:30ean eta parte hartuko dute Oñatikoez gain, Eskoriatzakoek, Aretxabaletakoek, Arrasatekoek eta Soraluzekoek. Aurten Bergarakoak ezin izango dira egon, eurek ere emanaldia dutelako. Musika eskola bakoitzeko ordezkariek eurek landu dituzten kantuak joko dituzte eta sarrera doakoa izango da, edozein herritarrendako.

Oñatiko partaidetzari dagokionez, trikitixako ikasleekin osatutako Txantxitrik taldeak hartuko du parte bertan. 13-15 urte arteko hamahiru ikaslek osatzen dute eta hiru abesti joko dituzte. Emanaldi hori eurendako "entsegu" moduko bat izango da, maiatzaren 29tik ekainaren 1era Kataluniara joango baitira, Europa mailako gazteen Ritmiks jaialdian parte hartzera. Bertarako errepertorio zabalagoa dute prestatuta. Oñatiko musika eskolak laugarren aldiz hartuko du parte Europa mailako jaialdian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak