Euskaraldia 2025

'Zopa' antzezlana, Euskaraldiari hasiera emateko

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko mai. 14a, 09:48

Oñatiko Euskaraldiko hamaikakoa aurkeztu zuten eguneko argazkia.

Bihar, eguena, emango zaio hasiera laugarren Euskaraldiari, eta, Oñatin, Zopa antzezlana izango da Santa Ana antzokian, 19:00etan. Sarrera doakoa da.

Oñatin, 1.813 pertsonak eman dute izena orain artean, Euskaraldian parte hartzeko, eta, horietatik 800 inguruk hartuko dute parte Euskaraldia Hikan: "Hikan parte hartzeko izena eman ez zuten horiei ere eman diegu aukera txapan H-a jartzeko", adierazi du Oñatiko Euskaraldiko dinamizatzaile Julen Agirrek.

Gaur, eguaztena, oraindik egongo da aukera ahobizi eta belarriprest rolak zehazten dituzten txapak jasotzeko, Kale Barria 45eko lokalean 17:00etatik 20:00etara. Eta Agirrek hauxe gogorarazi du: "Izen-ematea ez da itxiko eta Euskaraldiko hamaika egunetan Txokolateixan egongo dira txapak eskuragai, berandu izena eman edo txapa galdu duten horiendako".

Antzezlana, lehen ekintza

Bihar, eguena, hasiko da laugarren Euskaraldia, eta egitarauko lehen ekintza izango da Zopa antzezlana. Beste hainbat herritan bezala, Seguran ere hitanoa sustatzeko lanetan ari dira azkenaldian, eta horren emaitzetako bat egongo da ikusgai Oñatin: Zopa antzezlana.

Segurakoa bertakoa den Xirikara antzerki talde amateurrak eroango du obra Santa Ana antzokiko oholtza gainera. "Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri elkartekoak etorri zitzaizkigun esanaz umorezko antzerkiaz baliatuta hitanoa, batez ere emakumeen arteko noka, bultzatu nahi zutela eta horretarako beka bat sortu zutela. Eta guri proposatu ziguten obra egitea", azaldu du Olatz Etxeberria taldekideak. Behin proposamena jaso eta Segurako Udalaren eta Goierriko hainbat kooperatibaren babesa lortuta hasi ziren Zopa-ri forma ematen.

Santa Anan izango da 19:00etan, doan.

Asteburuan, hika protagonista

Zapatua, Hika Eguna izango da Oñatin: 13:00etan, hika-poteoa egingo dute, Aker tabernan hasita; 14:30ean, hika-bazkaria izango da, Iturritxo jatetxean, bazkaloste girotuarekin; eta 19:00etan, Eingo taldearekin, kalez kale, hika-erromeria egingo dute, Bogan hasita.

Hika bertso saioa egingo dute, bestetik, domekan, gaztelekuan, 12:00etan. Oihana Iguaran, Miren Artetxe, Aner Peritz eta Andoni Egaña izango dira, Amaia Agirrek gidatuta. Sarrerak Txokolateixan eta Onati.eus-en daude.

Martitzenean, bizikleta martxa

Mingainarekin batera, ekimena Oñati osoan zehar zabaltzeko helburuarekin, bizikleta martxa bat ere antolatu dute. Hilaren 20, martitzenean, izango da hori, eta 17:00etan irtengo dira Foruen enparantzatik. "Haur, gazte, heldu, entitate, eragile... Gurekin etortzera eta euskara mugitzera gonbidatzen zaituztegu! Anima zaitezte familian, lagunekin edota norbanako gisa bertaratzera!", adierazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak