Miel eta Txiki gorila bikoteak egubakoitzean eman zioten hasiera San Migel Txiki jaiei, txupinazoaren bidez. Hortik aurrera, festa izan da nagusi Kale Zaharreko bazter guztietan. Askotariko ekintzak burutu ditu auzoko jai batzordeak asteburuan zehar: kontzertuak, elektrotxaranga, bertsolariak, mus txapelketa, dantzariak etab.
Jai jendetsuak
Jaien balorazio positiboa egiten dute jai batzordeko kideek. Asteburuko eguraldi iragarpena txarra zen arren, uste baino euri gutxiago egin du, eta horrek jaiak normaltasunez aurrera eraman ahal izatea bermatu du. Modu horretan, batzordeko kide den Paula Ibabek azaldu duenez, jai jendetsuak izan dira aurtengoak: "Egia esan dena primeran atera da. Jende kantitate aldetik dena ondo joan da eta eguraldiak ostiralean lan pixka bat eman zigun arren, azkenean dena ondo atera da".