Bihar, egubakoitza, hasi eta domekan bukatuko da Aloña Mendiko eskubaloiko senior mailako neskek jokatuko duten Euskal Ligarako igoera fasea. Gasteizko Lakua 03 kiroldegian jokatuko da hiru talderen artekoa, eta bertan arituko dira nor baino nor gehiago Oñatiko Aloña Mendi, Gasteizko Eraiken Eharialdea eta Sidenor Basauri.
Igoera faseko partiduak
Bihar, egubakoitza, izango dute lehen partidua oñatiarrek, Gasteizko taldearen kontra, 19:45ean. Etzi, zapatua, 16:30ean jokatuko da txantxikuarren eta Basaurikoen partidua; eta azken partiduan, domekan, Basaurikoak eta Gasteizkoak lehiatuko dira, 12:30ean. Horien ostean jakingo da puntu gehien dituen hiruretatik zein talde igotzen den Euskal Ligara.
"Gogotsu eta alai gaude, urduritasun apur batekin ere bai, baina gogoz denboraldiari bukaera ona emateko", adierazi du Aloña Mendiko taldearen entrenatzaile Iñaki Zabartek, eta hauxe gaineratu du: "Badakigu partidu zailak izango direla, oso aurkari onak direlako, eta horrelakoetan edozein detaile txikik partidua marka dezake; beraz, ahalik eta partidu txukunenak egingo ditugu eta disfrutatzera joango gara. Eta irabazten badugu, ospatzera!".
"Etxera bueltatzea" bezala
Oñatiarrek badakite hainbat zale joango direla igoera fasean animatzera, eta entrenatzaileak esan du Euskal Ligara igotzea "etxera bueltatzea" bezalakoa izango litzatekeela: "Nik beti ezagutu izan ditut senior neskak Euskal Ligan, eta etxera bueltatzea izango litzateke igoera lortzea; hau da, dagokien mailara bueltatzea".
Horretarako, gogor jardun dute entrenamenduetan: "Azken entrenamenduak beti izaten dira arraroak, partidura begira egoten garelako. Saiatu gara jokalarietako inork ez minik hartzen, baina baita intentsitate altua mantentzen partiduetarako".
Denboraldi "oso ona"
Orain artekoaren balorazio positiboa egin du Zabartek: "Denboraldi oso ona izan da. Egon dira partidu txar batzuk, baina uste dut horrelako bat edo bi talde guztiek izaten dituztela. Horrez gain, oso gustura egon gara, denboraldi oso polita egin dute, eta kontuan hartu behar da taldekideen adina; izan ere, talde oso gaztea da [25 urte ditu zaharrenak]. Jokatzen eman duten mailarekin eta izan duten konpromiso mailarekin oso gustura nago".