'El ladrón de rostros' liburuaren lokalizazioak ezagutzen

Mireia Bikuña 2025ko mai. 3a, 18:15

Ibon Martinen liburuaren hainbat lokalizazio izan ditu hizpide Oñatin egin duten bisita gidatu berezia. Euskadi Turismo de Novelas atariko Maider Perezek gidatuta, Sandailin, Arantzazun eta Usakon egin dituzte geldialdiak.

Maiatzaren 1ean eta 3an egin dituzte Ibon Martinen El ladrón de rostros liburuan oinarritutako bisita gidatuak. "Ibon Martinen liburuek oso deskribapen onak dituzte, ostean leku fisikoak kokatzeko, eta nire kontakizuna egin ahal izateko", esan dio GOIENAri Maider Perezek.

Oñatiko Turismo Bulegotik abiatu, eta lehen geldialdia Sandailin egin dute. Alegia, El ladrón de rostros liburuko lehen orrietan dagoen hilketa geratzen den lekua. Handik, Arantzazura joan dira, basilika eta kriptak ezagutzeko. Handik, autobusa hartuta, Usakoraino jaitsi dira. "Bisita gidatuaren helburua da liburua irakurri dutenei leku horiek liburuan identifikatzen laguntzea. Hala, leku bakoitzean liburuaren pasarte batzuk irakurri ditut. Gainera, leku horiek duten historiaren zati bat kontatu diet: patrimonioa, tradizioa, kultura... Martinen liburuaz harago, leku horiek ezagutzen ez zituzten bisitariak, duten edertasunaz harrituta geratu dira. Asko gustatu zaie Usako,", esan du Perezek.

Bigarren aldiz

Bigarren aldia da El ladrón de rostros liburuaren gaineko bisita gidatuak egin direna. 2023an liburua kaleratu zenean egin zuten lehen aldiz. "Debagoieneko Mankomunitatearen bidez bitan egin dugu bisita berezi hori. Baina, leku horiek ezagutzeko erreserba pribatuak ere izan ditut, espainiar estatutik etorriko pertsonekin. Beraz, badago interesa leku eder hauek ezagutzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak