Aitor Ajuria eta Oihana Kortazar garaile Aloñako Igoerako XX. edizioan

Julen Murua Mesonero 2025ko api. 27a, 15:16

Hirugarrenez irabazi dute lasterketa Kortazarrek eta Ajuriak; azken horrek, gainera, igoeran zuen marka hobetzea lortu du (2:02:36).

Hogeigarrenez jokatu dute gaur Aloñako Igoera, eta bailarako bi ordezkari nagusitu dira infernuan: Aitor Ajuria gatzagarra (2:02:36) eta Oihana Kortazar elgetarra (2:37:47). Lasterketa hasieratik erritmo handia ezarri dute biek, eta bigarrenarekiko tarte handia hartuta, bakarrik egin dute korrika ibilbide guztian zehar. Batak zein besteak, Aloñako Igoerako hirugarren txapela irabazi dute –bigarrena jarraian Kortazarrentzat–, eta "oso pozik" agertu dira lasterketaren amaieran, lortutako emaitzagatik.

Hasieratik estutzen

Iazko estrategia berbera erabili du aurten Ajuriak; hain zuzen ere, lasterketa hasieratik haren erritmoa ezarri eta gainontzeko lasterkarietatik ihes egitea, eta balio izan dio. Urtiagainera bakar-bakarrik iritsi da gatzagarra, eta gauza bera egin du Aloñako tontorrean, bigarren sailkatu den Oier Zubeldiari minutu bat baino gehiago aterata. Eguraldia, gainera, alde izan du Ajuriak; izan ere, behelainoagatik, atzetik zihoazen Zubeldiak eta Asier Azkarate arrasatearrak guztiz galduta izan dute gatzagarraren erreferentzia. Lasterketaren bukaeran, hurrengo korrikalariek osatu dute gizonezkoen podiuma:

  1. Aitor Ajuria (2:02:36).
  2. Oier Zubeldia (2:04:53).
  3. Asier Azkarate (2:08:46).

Zubeldia, Ajuria eta Azkarate, Aloñako Igoerako helmugan. Irudia: Imanol Soriano.

Kortazar nagusi eta Uribarrik podiuma

Iaz deabruarekin zeharkatu zuen Helmuga Kortazarrek, eta aurten ere nagusi izan da infernuan. Lasterketa hasieratik utzi ditu atzean podiumeko lehian egon zitezkeen korrikalariak, eta haren lasterketa egitera atera da elgetarra. "Sentsazio onak" izan ditu goranzkoan, baina "lokatz artean ere gustura" ibili dela onartu du. Aurten ez du izan iazko lasterketan Lide Urrestarazurekin izan zuen lehia, baina, hala ere, "gozatu" egin duela adierazi du Kortazarrek. Elgetarrarena, baina, ez da izan emakumezkoen lasterketako berri on bakarra; izan ere, Ainara Uribarri oñatiarrak hirugarren zeharkatu du helmuga. Bigarren postua eskura izan du lasterketa osoan zehar, baina jaitsierako zatian hobeto moldatu da Oihana Zubillaga. Hurrengo korrikalariek osatu dute emakumezkoen podiuma:

  1. Oihana Kortazar (2:37:47).
  2. Oihana Zubillaga (2:42:42).
  3. Ainara Uribarri (2:43:40).

Zubillaga, Kortazar eta Uribarri, Aloñako Igoerako helmugan. Irudia: Imanol Soriano.

Aurrerantzean, '13' dortsalik ez

Antolatzaileek adierazi dutenez, "berezia, baina oso gogorra" izan da Aloñako Igoeraren XX. edizioa antolatzea; izan ere, urte hasieran zendu zen antolakuntzako kide izan den Asier Sagastizabal Sagas. Hala, omenaldia egin diote sari banaketan, eta jakinarazi dute Sagas-entzat horren kuttuna zen 13 zenbakidun dortsala erretiratu egingo dutela eta, hortaz, aurrerantzean ez duela inork jantziko dortsal hori. 

Bihar Harmailatik saioan eskainiko du Goiena telebistak lasterketak emandako guztia.

Erlazionatuak

Aloñako Igoera: tontorreko argazkiak

Eneko Azurmendi Barrena api 27, 17:14 Oñati

Aloñako Igoera: irteerako eta helmugako argazkiak

Eneko Azurmendi Barrena api 27, 17:18 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak