Irabazi-asmorik gabeko elkartea da Catedra China eta Espainiako zein Txinako irakaskuntza-, lanbide-, enpresa-, komunikabide- eta erakunde-komunitateko kideek osatzen dute.
Hainbat alderditako tokiko ordezkariak gonbidatu dituzte Asiako herrialdera egindako bidaiara eta EH Bilduren ordezkaritzaren parte da Elorza Tafallako alkate Xabier Alkuazekin batera. "Herrialdeko industria ehuna ezagutzeko eta bertako ordezkariekin eta eragileekin batzartzeko aukera eskaintzen du bisitak baita gure politikak eta ekimenak ezagutarazteko ere. Horixe bera da apirilaren 30era bitartean antolatuak dauden bilkura, mahai-inguru eta bestelako hitzorduen xede nagusi", azaldu du Elorzak.
Mahai-ingurua gaur
Tokiko gobernantzarako modu berriez jarduteko mahai-inguru batean izan da gaur. Oñatiko esperientzia ezagutarazteko aukera izan du bertan. "Etorkizuneko erronken nolakotasunak gobernantza moduak aldatu beharra dakar herri eta herrialde guztietan. Horretan, esangura handia dute parte hartzeak, ekintza komunitarioak… Horixe bera azaltzea izan da asmoa: Oñatiko esperientzia mahai-gaineratzea adibideak eskainita", esan du.
Gaineratu du berbagai izan dituela, besteak beste, Oñatiko partaidetza ordenantza, sortzen ari diren udal mailako parte-hartze organoak, lankidetza publiko-komunitarioa oinarri duen Debagoiena 2030 iraunkortasun sarea eta Debagoiena edo kooperatibagintza.
Bisitak eta batzarrak
Apirilaren 30era arte luzatuko du Elorzaren bisita Txinara. Jakinarazi du askotariko hitzorduak dituztela antolatuta. Horien artean dira herrialdearendako estrategikoak diren teknologiak –telekomunikazioa, informatika, adimen artifiziala...–, zein auto-elektrikoen hainbat zentro.
Txinako zenbait ordezkarirekin ere batzartuko dira bisitariak. Hala nola, Txinako Alderdi Komunistako –PPCh – nazioarteko departamentuko ministrorde Ma Huirekin.