Batzokiko tabernan desfibriladore bat jarri dutela jakinarazi dute Oñatiko jeltzaleek, "herriaren onurarako" izango dela iritzita, adierazi baitute Herriko Plazan ez dagoela besterik, "gertukoena kiroldegian" dagoelako: "Gaur egun, desfibriladoreak 24 orduz eskuragarri daude kalean, edozein herritarrek erabil ditzake, eta erabilera oso intuitiboa da. Bizitza bat salbatzeko aukera ematen duten tresnak dira, eta, horregatik, ezinbestekoak dira".
Hori dela eta, ikastaroa egingo dutela jakinarazi dute: apirilaren 29an izango da, 17:00etatik 20:00etara bitartean, eta eajonati@gmail.com helbidera idatzi behar da izena emateko; bestela, tabernan ere eman daiteke izena. Adierazi dutenez, desfibriladorea erabiltzeko ez da halabeharrezkoa formakuntza jasota izatea, "baina oso gomendagarria da: emergentzia-egoeran, urduritasuna eta beldurra edukitzea normala da. Momentu hauetan oinarrizko ezagutzak ikastea asko laguntzen du; izan ere, bihotz geldialdia gertatzen denean, denbora da faktorerik garrantzitsuena. Ahalik eta azkarren jardutea funtsezkoa da".