Euskal Liga geroz eta gertuago daukate Aloña Mendiko senior neskek Liga horretara igotzeko play offa irabazi dutelako gaur Zubikoan. Atzo 29 eta 20 gailendu ziren Tolosa eskubaloi taldearen kontra, eta gaur lortu dute bigarren garaipena. Markagailuan aurretik joan dira etxekoak, baina zenbait minututan Aloñak ez du asmatu atea zulatzen eta, azkenean, donostiarrak aldea murriztu dute. Gol bateko aldearekin (11-10) aurretik iritsi dira atsedenaldira. Oñatiarrek ondo eutsi diote partiduari, eta garaipena eurendako izan da (26-22).
Amaia Ugarte eta Oihane Lazkanoiturburu jokalariak norgehiagokaren amaieran "oso pozik" zeuden, urduri zeudela aitortu badute ere: "Atzoko partidua samurragoa izan. Taldeagatik oso harro gaude, eta hona gerturatu diren guztiengatik zer esanik ez".
"Gorabehera askoko" partidua
Taldeko jokalari guztiek izan dituzte minutuak kantxan lehiatzeko, baina bai Ugartek eta baita Lazkanoiturburuk aitortu dute gaur bezalako lehietan zaila dela erritmo bera mantentzea partidu osoan zehar: "Tartea mantentzea zaila izaten da. Jakin dugu buelta ematen ezin horri, eta uste dugu oso-oso ondo bukatu dugula".
Partiduaz galdetuta, "gorabehera askokoa" izan dela diote. Aurkariak maila ona erakutsi dutela azpimarratu dute, baina oñatiarrak saiatu direla donostiarren indarguneak mozten.
Harmailak goraino
Bi egunetan zaleen babesa izan dute senior neskek eta turuta, bonbo eta animo hotsak entzun ahal izan dituzte: "Atzo sekulako espektakulua eta espektazioa egon zen. Gaur kolore gorriz jantzi da Zubikoa. Pila bat igartzen da jokoan ari zarela. Gehiago motibatzen gara eta animoek pila bat egiten dute".
Euskal Ligarako igoera
Maiatzaren 10eko asteburuak jokatuko dute Euskal Ligarako igoerako lehen partidua Bizkaian lehen postua eskuratu duen taldearen kontra. Hor erabakiko da oñatiarrak zuzenean Euskal Ligara igoko diren edo hiruko partidua jokatu beharko duten.