Gipuzkoa osoko jendea batu du Arantzazurako Gurutze Bideak

Txomin Madina Milikua 2025ko api. 12a, 17:33

Donostiako Elizbarrutiak antolatuta Arantzazura egin duten martxak Itxaropenean erromes izan du aurten leloa eta ehunka lagunek hartu dute parte.

25. urteurrena bete du aurten Donostiako Elizbarrutik antolatuta Erramu Domekaren bezperan Arantzazura egiten duten Gurutze Bideak eta beste urte batez Gipuzkoa osoko fededunek elkartu ditu; horren erakusgarri, 13 autobus heldu direla Oñatira hainbat herritatik. Itxaropenean erromes izan da aurtengorako aukeratu duten leloa.

Hain justu ere erromesaldiaren aurrean joan den gurutzea zeraman autobusa berandu heldu da eta horrek apur bat atzeratu du irteera. Ordurako zain zeuden ehunka lagun, tartean, Billabonako Ana:  "Azken urteetan etorri izan naiz, fedeak bultzatuta. Ohitura berezia eta ederra da; oso espirituala da denok elkartzea".

Donostiako senar-emazte Begoña eta Ricardok, aldiz, lehen aldia izan dute gaur: ”Aspalditik ezagutzen genuen martxa, baina familiako egoeraren ondorioz ezin izan dugu orain arte etorri. Aurten, parrokian aipatu zigutenean, etortzea erabaki genuen et ilusio handiarekin gaude”.

Gotzaina buru

Fernando Prado Ayuso gotzaina buru, adin eta jatorriko askotariko jendeak eroan du Gurutze Bidearen lehen lerroan joan den soka eta besteak beste Gurutze Bideko pasarteak entzunaz egin dute, gehienek isilik, Arantzazura bitarteko kilometroak.

Behin helmugara heldutakoan, gotzainak hitz batzuk zuzendu dizkie bertaratutakoei. “Benetan hunkigarria da elkarrekin denok batera eta batuta sentitzea Amaren babesean. Amaren etxean, beti ongi sentitzen gara. Horixe da beti Arantzazun sentitzen dugun esperientzia”, esan du Pradok eta aurtengoa Jubileu urtea izanik, urte berezia dela gaineratu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak