Kontzertuak familian egitasmoaren 2025eko lehen kontzertua Aequus Ensemblek emango du, eta izenburu hau darama: Peru eta otsoa. Bihar izango da, zapatua, Santa Ana antzokian, 12:00etan.
'Peru eta otsoa'
Emanaldirako aukeratu duten pieza Peru eta otsoa da; honelaxe deskribatu du Aequus Ensemble taldeko zuzendari Aitor Biain-Bidartek: "Dibertimenduz, emozioz eta, batez ere, ikasketaz beteriko ipuina da. Kontakizun horretan, Sergei Prokofiev errusiar jatorriko konpositoreak Pedroren istorioa kontatzen du. Haur bihurri eta jostalaria da, eta landan bizi da, aitonarekin, zuhaitzez, urmaelez eta animalia ugariz inguratuta". Gaineratu du hari-instrumentuen familia eta haize-instrumentuen familia "era didaktiko eta dibertigarrian" ezagutzeko aukera izango dela kontzertuan.
Bi emanalditan banatuta
Proiektua Jose de Azpiazu musika eskolarekin batera garatu dute eta bi emanaldi egingo dituzte: lehenengoa laburtua izango da, 11:00etan egingo dute, eta musika eskolako Musika Mugimendua III-ko haurrendako eta familiendako izango da: "Haur horiei musika erakargarri egitea da gure asmoa. Horretarako, musikaren deskribatzeko ahalmena azalduko da. Kontzertuak hainbat obra erabiliko ditu, instrumentuak eta teknikak ezagutzeko".
Bigarren emanaldia, berriz, 12:00etan izango da: "Oñatiko haurrek, oro har, jardueran parte hartzeko eta hari-instrumentuekin ohitzeko aukera izango dute. Animaliak eta pertsonaiak azalduko dira eta Miel Guridi narratzaileak istorioa deskribatuko du". Emanaldi bakoitzak 45 minutu iraungo du.
Sarrerak salgai daude, Txokolateixan eta Oñati.eus webgunean, 5 eurotan.
Bandak, 'IKUSI farwest' emanaldia, domekan
Oñatiko Musika Bandak Kontzertuak familian egitasmoaren bosgarren kontzertua emango du domekan, hilak 13, Zubikoako pilotalekuan, 13:00etan. Musika eskolako familia guztiak eta herriko familiak gonbidatu nahi dituzte, "etorkizuneko publiko bezala, banda ezagutzen hasteko", adierazi du bandako zuzendari Aitor Biainek.
Eta aurten, Far Westera egingo dute bidaia, zinemageneroko soinu-banda enblematikoenak eta beste obra batzuk joko baitituzte.
"Konposizio bakoitzak cowboyz, indiarrez eta zaldiz egindako abenturaz osatutako mundu batera eramango ditu entzuleak. Askotariko musikei esker, denboran zehar, Ameriketako mendebaldearen bihotzerantz egingo dugu bidaia", gaineratu du Biainek.
Kontzertu berezia izango da, gainera; izan ere, badute zer ospatu, bandako lau kidek 25. urteurrena ospatuko dute eta: Jon Astigarragak, Aitor Biainek, Amaia Biainek eta Jon Mendiolak. Emanaldiaren hasieran, urrezko pina entregatuko diete.
Pilotalekuan egingo duten kontzertuaren aurretik, kalejira egingo du bandak, goizeko hamaiketan hasita, herriko kaleetan zehar.