Orain dela sei urte hasi zuen Txantxiku Ikastolak harremana, Lapurdiko Beskoitze herriko ikastolarekin, 2019an. Aurten, bi herrien arteko harremana indartu nahi dute, eta, horregatik, Txantxiku Ikastolaz gain, Udala, Oñatz dantza taldea, Aixotu euskara taldea eta Aloña Mendi Kirol Elkarteko pilota saila ere batu dituzte ospakizunera.
Bihar, zapatua, etorriko dira beskoiztarrak eta ikastolaren astearen barruko ospakizunetan, hainbat ekitaldi antolatu dituzte.
Zapatuko egitaraua
Bihar, zapatua, 12:00etan udaletxean harrera egingo diete Izaro Elorza alkateak eta Iñaki Olalde Kultura zinegotziak, Beskoitzeko Herriko Etxeko ordezkariei eta gainerako eragileetako kideei; Oinak arin dantza taldeari eta Eskulari pilota elkarteari.
13:00etan, urtero antolatzen duten otamenaren barruan, plaza dantzak dantzatuko dituzte; 14:00etan herri bazkaria egingo dute ikastolako jolaslekuan; 16:00etan Foruen Enparantzako pilotalekuan pilota-jolasak izango dira eta beskoiztarren eta oñatiarren artean; 17:00etan euskal dantzen saioa izango da Oñatz eta Oinak arin taldeko dantzarien eskutik; eta 18:30etatik aurrera, trikipoteoa egingo dute kalez kale.
Domekan, Oñatin geldituko diren beskoiztarrekin Arrikrutzeko kobak bisitatzera joango dira eta Araotzeko elkartean bazkalduko dute.
Ikastolaren astearen baitan
Ospakizun horiek guztiak, Txantxiku Ikastolaren astearen barruan antolatu dituzte. Astean zehar izan dute zertaz gozatu, izan ere, hainbat ekintza egin dituzte: txotxongiloak eta Iago magoa izan dira, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia izan dute txikienek eta bestelako ekintza berezi batzuk ere egin dituzte.
Gaur, egubakoitza, ere hainbat ekitaldi dituzte antolatuta: futbolin txapelketa, tortilla txapelketa, eskubaloi eta areto futbol txapelketa... Bigarren Hezkuntzakoek elkarrekin bazkalduko dute, eta ondoren, jolasak izango dituzte pilotalekuan. Lehen Hezkuntzakoek, aldiz, jolas parkea izango dute jolastokian puzgarriekin eta trenarekin.
Jolastokia herritar guztiei zabalik egongo da 16:30etatik 18:00etara.
Eta eguna borobiltzeko, 18:00etan gonbidapenarekin, Zubikoa kiroldegiko pilotalekuan ikasleen jaialdia izango da familiendako.