Lauko finala irabaztea izango da Euskal Ligara igotzeko lehen erronka

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko api. 11a, 08:47

2024-2025 denboraldiko Aloña Mendiko senior mailako eskubaloi taldea. Argazkia: Aloña Mendi.

Euskal Ligara igotzeko play offa jokatuko du Aloña Mendik asteburuan Zubikoan. Zapatuan Tolosaren aurka jokatuko dute (16:00) eta irabazi ezkero domekan lehiatuko dira (12:00) lauko finala irabazteko. Harmailak betetzea espero dute oñatiarrek.

Oñatiko eskubaloi taldeko senior mailako neskek urteko asteburu erabakigarriena biziko dute. Denboraldiko hasierako helburua izan den Euskal Ligara igo ahal izateko ezinbesteko lehen geltokia dena, lauko finala, jokatuko dute Oñatiko Zubikoa kiroldegian; ligan bigarren geratu izanak ahalbidetu dio Aloña Mendiri lauko finala non jokatu erabakitzea. Txingudi (Irun), Saieko (Donostia) eta Tolosako taldeen aurka lehiatuko dira oñatiarrak; zapatuan, 16:00etan, Aloña Mendi eta Tolosaren artekoa jokatuko da eta 18:00etan, berriz, Saieko eta Txingudi artekoa. Irabazleek domekan jokatuko dute final erabakigarria, 12:00etan.

Gipuzkoako lauko finala irabazten duenak Bizkaiko lauko finaleko irabazlearen eta Gipuzkoako zein Bizkaiko ligako lehen sailkatuen arteko finala galtzen duen taldearen aurka lehiatuko da; hiru talde horietan arteko irabazleak lortuko du Euskal Ligara igotzeko txartela.

Etxean jokatzearen abantaila

Lauko finala etxean jokatzearen abantaila azpimarratu du taldeko entrenatzaile Iñaki Zabartek: "Zapatua 16:00ak ez da ordu onena partidua ikustera etortzeko baina play off-ak izanda espero dugu jendea hurbilduko dela; jokalariek, behintzat, izugarri eskertuko dute eta, beraz, herritarrei dei egiten diegu Zubikoara hurbildu daitezen, gure jokalariek ahalik eta babes handiena igarri dezaten. Tolosaren aurkako azken partidua galdu egin genuen, eurek dena zuten jokoan eta guk ezer ez. Hala ere, nola jokatzen duten ikusita eta gure neskek askoz hobeto egin dezaketela jakinda aukera asko izango ditugu irabazteko; igoera jokoan dauden partiduak ez dira egunero jokatzen". Zabartek badaki zer den Euskal Ligara igotzea jokalari bezala: "Halako zitetan urduritasuna kontrolatzea izaten da gakoetako bat baina jakin behar da esperientziaz ere gozatzen. Jokalariak autoestimu aldetik indartsu eta oso gogotsu daude, eta hori da inportanteena. Lauko finala da Euskal Ligara igotzeko lehen erronka eta espero dugu gainditzea, baina ez badugu lortzen ez da ezer akabatzen. Talde gaztea da eta harrobitik ere jokalariak indartsu datoz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak