El Salvadorreko gerrillan bizitzak salbatzen emandako bederatzi urteak kontatzen dituen liburua ondu du Beatriz Yarza Aloña oñatiar mediku internazionalistak: Guerrillas para la vida. Txalaparta argitaletxearekin kaleratu du eta 18:30ean aurkeztuko du jendaurrean, egubakoitzean, kultura etxean.
Yarzak adierazi du "maitasunetik" egin duela liburua: "Nahiko erraza izan da, maitasunetik egin dudalako. Banekien zer eta nola kontatu. Izenburua, Guerrillas para la vida, aspalditik neukan buruan, eta horrekin adierazi gura nuena zen Erdi Aroan bezala bizi ziren nekazari salvadortarrek bizitzeko egiten zutela borroka".
Liburuak bi helburu dituela gaineratu du: "Batetik, Europan eta 70eko hamarkadan Latinoamerikako diktadura basatietan zegoen diskurtsoari, gerrilletako kide guztiak komunistak zirela zioen diskurtsoari, aurre egitea. Eta bigarren helburua da, belaunaldi berriei erakustea oso baliabide gutxirekin, gauza asko egin daitezkeela".
Gaur, Felipe Uriarteren hiztegia
Gaur, eguaztena, kultura etxean, 19:00etan, Felipe Uriarte mendizalearen Euskara - xerpera. Motxilan eramateko hiztegia liburuaren aurkezpena izango da. Proiektua aurkeztuko du eta 38 minutuko ikus-entzunezko bat ere proiektatuko dute.