Aloña Mendiko futboleko kadeteak, Ohorezko Mailara

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko api. 8a, 09:32

Igoera lortu duen kadeteen taldea, Zubietako partiduaren ostean, pozik. (Argazkia: Aloña Mendi).

Asteburuan Zubietan 0-2 irabazi ostean, Aloña Mendiko futboleko kadeteek Ohorezko Mailara igotzea lortu dute. Oso pozik daude egindako lanarekin.

Gorengo mailako taldeak igoera zuen jokoan asteburuan Zubietan. Partidua 0-2 irabazi zuten, eta, ondorioz, Ohorezko Mailara igotzea lortu zuten.

Unai Aranzabal entrenatzaileak adierazi du "zorte handia" dutela horrelako talde "berezi" baten egoteagatik: "Talde oso osatua da; bai kalitate aldetik, bai lehiakortasun aldetik, eta baita konpromezu aldetik ere. Baina gehien bat taldea osatzen dugun guztiok sortzen dugun giroagatik; entrenatzaile, jokalari, guraso eta anai-arreba".

Aranzabalek gaineratu du denboraldiko esfortsu eta lan guztiaren ostean, leku eta partidu "ezinhobea" zela mailaz igotzeko, eta nahiz eta etxean ez izan, Reala moduko talde baten aurka igoera lortzea denendako "ahaztezina" izango dela: "Etxean hobeak ginela erakutsi genuen –2-0 irabazita– eta oraingoan ere, haien etxean lehenengo minututatik irabazten hasi ginen. Lehen zati bukaeran bigarren gola sartu genuen, eta, horrek, lasaitasun puntu bat ere eman zigun. Bigarren zatian joko onarekin, aukera gehiagorekin eta momentu batzutan sufritzen ikasten, partidua aurrera ateratzea lortu genuen".

Entrenatzaileak "oso-oso harro" daude jokalariek egin duten lanagatik, baina Aranzabalek gogorarazi du oraindik lau partidu gelditzen zaizkiela eta lehenengo postuaren bila joateko, euren esku dagoen guztia egingo dutela.

Asier Sagastizabali eskainita

Aipamen berezi bat egitea ere nahi izan du Aranzabalek: "Asko disfrutatu izan du gurekin Axi Sagas-ek eta guk harekin, gehiago. Igoera hau harena da!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak