Megalitoak: eremu sakratuak eta lurralde erreferenteak izeneko erakusketa zabalik dago Arantzazuko parketxean.
Megalitoak lehenengo adierazpen arkitektonikoak dira, eta mendebaldeko Pirinioetan gertatu ziren aldaketak islatzen dituzte. Arantzazun jarri duten erakusketak trikuharrien, menhirren, harrespilen eta tumuluen forma arkitektonikoak erakusten ditu, horien neurriak azaltzen ditu eta zertarako eraiki ziren erakusten du; lurperatzeko eta errituak egiteko lekuak ziren, eta espazioaren okupazioaren erreferenteak dira, beste batzuen artean.
Erakusketa Bizkaiko Foru Aldundiaren Arkeologia Museoak sustatu, koordinatu eta ekoiztu du eta Juan Carlos Lopez Quintanak –Agiri Arkeologia Elkarteko ikertzaileak–, Jose Antonio Mujikak –UPV/EHUko historiaurreko irakasleak eta Jose Miguel Barandiaran katedraren zuzendariak– eta Javier Fernandez Erasok –UPV/EHUko katedradunak– komisariatu eta dokumentatu dute.
Hilaren 27ra bitartean egongo da zabalik.