Joanes Goitisolo eta Maddi Marquet izan dira XXXI. Oñatiko duatloiko azkarrenak

Julen Murua Mesonero 2025ko mar. 29a, 19:49

Joanes Goitisolo eta Maddi Marquet, Oñatiko duatloiko irabazleak.

Urte beteko etenaldiaren ostean jokatu da berriro Oñatiko duatloia. 110 atleta bildu dira Oñatiko plazan, eta Joanes Goitisolo (1:50:39) eta Maddi Marquet (2:11:07) izan dira azkarrenak.

Egunean zehar egin beharreko euri guztia egin du Oñatiko duatloiaren XXXI. edizioa hasi baino lehen, eta hori eskertu egin dute parte hartzaileek; izan ere, batek baino gehiagok onartu du "aste osoa" igaro duela eguraldiaren iragarpenari begira, zapatu arratsaldean Oñatin zer eguraldi egin behar zuen jakiteko. Kontuak kontu, bi protagonista nagusi egon dira duatloian: Joanes Goitisolo eta Maddi Marquet. Bi lasterketa guztiz ezberdin jokatu dute, baina biek lortu dute Oñatiko duatloiko garaikurra etxeratzea. Eurek ez ezik, ibilbide egokitua egin duten parte hartzaileak ere igo dira sari banaketara, eta lasterketan zehar jasotako txalo guztiak berriro ere jaso dituzte oholtza gainean.

Goitisolo hegazka

Bigarren garaipena jarraian lortu du Joanes Goitisolok gaur arratsaldean. Lasterketa hasi bezain laster erritmo bizia ezarri du eta nagusi izan da bai korrikako zatian baita bizikleta gainean ere. Goitisolok adierazi du lasterketa osoa bakarrik egiteak "oso gustura" sentiarazi duela, eta hor egon dela lehenengo postua lortzearen gakoetako bat. Atzetik, eta ez oso urruti, izan du, une oro, bigarren postuan amaitu duen Mikel Arrasate (1:52:51), baina Goitisolo "harrapaezina" izan dela onartu du ondarrutarrak: "Bizikleta gainean estutzen saiatu naiz, baina Goitisolo hegazka joan da eta ezin izan dut harrapatu".

Lehia handia emakumezkoetan

Maddi Marquet izan da emakumezkoetan azkarrena, eta hirugarrenez lortu du Oñatiko duatloia irabaztea. Hala ere, ez du lasterketa erraza izan donostiarrak; izan ere, bigarren postuan amaitu duen Cecilia Ramirez (2:22:28) aurretik izan da lasterketako zati batean. Bizikletako zatian, Urtiagainerako igoeran, estutzea erabaki du Marquetek, eta orduan lortu du Ramirez harrapatu eta haren aurretik jartzea. Beherakoan, gainera, tartea handitzea lortu du, eta hortik aurrera bakarrik iritsi da Marquet helmugara arte. Lasterketa amaieran "oso hunkituta" agertu da donostiarra.

Hausnartzeko momentua

Urte beteko etena baliatu dute Oñatiko duatloieko antolatzaileek indarrak batu eta aurtengo edizioa prestatzeko. Antolatzaileetako bat den Andoni Correasek onartu du "parte hartzea dezente jaitsi den arren, gustura" amaitu dutela egindakoarekin. Hala ere, aurrerantzean zer egingo duten erabakitzeko hausnartu egin behar dutela adierazi du: "Taldea osasuntsu dago, baina lasterketa ondo egiteko parte hartzaileak egotea behar dugu. Ez dakigu datorren urtean zer gertatuko den; hausnartzeko momentua da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak