Ohiko erakustaldiak alde batera utzi eta musikal estiloko ikuskizun bat prestatu dute Aloña Mendiko gimnasia erritmikoko saileko kideek. Bihar, 18:30ean hasita, Zubikoako frontoiko harmailak jendez beteko dira gimnasia erritmikoko neska-mutilek Harry Potterren istorioaren bueltan prestatu dutena ikusteko; izan ere, sarrera guztiak agortuta daude. Osinagak adierazi duenez, euren "konfort-zonatik ateratzen den ikuskizuna" izango da; izan ere, "gimnasian oinarrituta egongo den arren, musikalak duen antzerki puntua ere izango du; oso ikuskizun ezberdina izango da". Guztira lau eta hamabost urte bitarteko 110 gimnasta arituko dira Zubikoan, baina Osinagak adierazi duenez, "dagoeneko gimnasian ibiltzen ez diren, baina urte dezentez taldeko parte izan diren pare bat" bueltatu egingo dira musikala egitera.
Zailtasuna izan duen lana
Zapatukoa ez da izango Aloña Mendiko gimnasia erritmikokoek normalean egiten duten ikuskizuna. Horrek eragin du emanaldi guztia prestatzeak ohikoa baino zailtasun handiagoa izatea: "Betiko erakustaldi baten lan asko dago atzetik, baina beti egitura berdina jarraitzen dugu, musikak neurri berdina izaten du eta koreografiak egiteko modua berdina izaten da. Musikala, ordea, oso ezberdina da: abestiak askoz luzeagoak dira, koreografiak egiteko moduak aldatu egiten dira eta hori guztia lantzea ohikoa baino zailagoa izan da", onartu du Osinagak.
Taldea "osasuntsu"
Azken urteetan "lan oso handia" egiten ari direla dio entrenatzaileak, "gimnastak ondo egon daitezen, eta taldean jarraitu dezaten". Horrez gain, "gimnasta berriak taldera batzea" bilatzen dute, eta horretan dihardute buru-belarri. Oro har, taldea "osasuntsu" dagoela dio oñatiarrak, eta egiten duten lana guztia erakutsi gura dute biharko ikuskizunean.