Ensegu-lokaletan aspaldi ari da Ander Romero Andutx. Gitarra eskuetan punk-rock estiloan ekin zion orain dela urte batzuk musika ibilbideari, eta Buru Hilketa eta bestelako taldetan jardun du. Azkeneko urteetan, baina, gitarra alboratu eta mikroa du eskuetan, punk estilotik pixka bat aldendu eta rap estilora hurbilduta. Rapa egiten duela dio, baina ez dela rapero sentitzen aitortuta. "Rapa kasualitatez heldu zitzaidan. Poliki-poliki gustatzen joan zitzaidan estilo hori, kantuak sortzen hasi nintzen eta dagoeneko baditut batzuk. Oraingoz bakarrik jarduten dut sortzen eta baita taularen gainean ere, sareetako base batzuen gainean abesten dut, baina badut DJ batekin hasteko asmoa ere", azaldu du Andutx-ek.
Euskaraz –Oñatiko euskalkian–eta gazteleraz abesten du, rap estiloko diskurtsoetako "ohiko edo giro-urbanoko gaietara" mugatu barik. "Originaltasuna bilatzea gustatzen zait, ez dut-eta oso gustuko talde edo musikari asko gauza bera esaten entzutea. Beste ikuspuntu batzuk ematea gustatzen zait eta adibidez, espiritualtasunari, mendiari edo naturari buruz abesten dut. Talentua duen jende asko dagoela ikusten dut, baina, asko, hitzak idazterako orduan, ondo enfokatuta ez daudela iruditzen zait. Nire abestiek mezua izatea gustatzen zait, jendea xaxatzeko".
'Rap-gaua' bihar, egubakoitza, Antixenean
Iazko abuztuan egin zuen estreinako emanaldia herriko Antixena gaztetxean, eta geroago Eltzia Topagunean, eta ari da hango eta hemengo gaztetxeetako ateak jotzen. Bada, musika estilo bereko hainbat zaleei gonbidapena eginda, gaur, egubakoitza, Rap-gaua antolatu du beste lagun batzurekin batera Antixena gaztetxean. "Denbora bat neraman halako ekitaldi bat antolatu guran, eskualdeko beste herri batzuetan moduan, Oñatin ere gero eta nabarmenagoa da-eta estilo horren, edo, orokorrean, musika urbanoaren goraldia. Hasiera baten, Gasteizko rap abeslari batzuk ziren etortzekoak, baina azkenean ezingo dira etorri eta eskualdeko artistekin kartel txukuna osatzea lortu dugu: Arrasateko Ixisyroy taldea izango da batetik, eta Oñatiko hiru rap-abeslari Loren –Julen Lorenzo–, EFMR –Mikel Aranburu– eta ni".
19:00etan hasita, ordubete in- guruko saioa egingo du bakoitzak–bakarka edo bikote formatuan–, eta ondoren, Oñatiko DJ Kepix-ek –Kepa Aldekoa– borobilduko du gaua. "Rap-urbanoa egiten duten Arrasateko bi gaztek osatzen dute Ixisyroy taldea, gazteleraz abesten dute, gehienbat. Oñatiko EFMR eta Loren-ek, berriz, beste roilo bat daroate; urte asko daroate rap-batailak edo free-style saioak egiten. Euren abesti propioak dituzte horiek ere eta gazteleraz sortutakoak dira gehienak", dio Andutxek.
Sarrerak, hiru eurotan
Eskualdeko eta herriko rap zaleen topagune izan gura du Antixenako gaurko ekimenak. "Entsegu-lokaletan zein etxeko-estudioetan gauza interesgarri asko sortzen dabilen jende asko dago gaur egun, baina ez da erraza izaten gero, aretoak edo oholtza gainera igotzeko aukerak lortzea. Bada, hori da, bihar gure asmoa, egiten ari garena modu duinean erakustea eta xumea, baina jaialdi polit bat egitea guztion gozamenerako. Beraz, guztiak gonbidatuta zaudete".
18:00etan zabalduko dituzte gaztetxeko ateak eta19:00etan hasiko da jaialdia. Sarrerak egunean bertan salduko dituzte, hiru eurotan bakoitza.