Lau urte "lozorroan" egon on-doren, urtarrilean ekin zien Jon Basagurenek (Gasteiz, 1984) gidatzen duen Izaki Gardenak taldeak zuzenekoei.
Zer moduz itzuli da Izaki Gardenak jendaurrera?
Ondo! Disko guztiekin gertatu izan zait aurkezpen-kontzertuen biran halako batean geratu eta kanta berriak sortzen hasteko gogoa sentitzen dudala; errepikatzen ari naizela sentitzen hasten naizenean, ez zait gustatzen. Pandemia garaian utzi genion zuzenekoak egiteari, kontzertu asko bertan behera geratu zitzaizkigun, garai oso arraroak izan ziren, eta horrek, agian, eragina izan zuen, ez nuen gorputzaldirik Izaki Gardenak moduan jarduteko. Eta gero, bestetik, Libe Kortazarrek eta biok Pasadena proiektua abiatu genuen, eta oso gustura ibili naiz kantak beste era batera egiten, baita oholtzako protagonismoa partekatzen ere; eszenatokiaren aurrean nire kantuei aurpegia jartzea ez da gehien gozatzen dudan unea.
Ez da ohikoa abeslari eta taldeburu bati hori entzutea.
Gustatzen zait, baina esposizio hori ez daramat beti ondo; horregatik batzuetan atseden horiek. Egun, gainera, areagotu egin da joera hori, autobideoekin... Horretatik guztiorretatik pixka bat babesten saiatzen naiz.
Musikari moduan, zein unetan gozatzen duzu, bereziki?
Disko honekin asko gozatu dut, konposatzen, baita ekoizten ere. Prozedura horretan guztian eta kontzertuak prestatzen asko gozatu dut. Zuzenekoetan, gehienetan, ondo pasatzen dut, eta ari naiz poliki-poliki hori gehiago lantzen.
Zeintzuk dituzu alboan?
Zorte handia dut taldekideekin: Libe Kortazarrek (teklatuak eta ahotsa), Dani Arrizabalagak (bateria eta perkusioa), Joseba Baleztenak (gitarra), Danilo Forondak (baxua) eta bostok grabatu dugu diskoa; baina zuzenekoetan, Aitor Agirre izango da baxuarekin.
Azaroan argitaratu zenuten Orube; zelakoa da?
Joera naturala dut amerikana estilora jotzeko, eta, batez ere, hortik aldentzea bilatu dugu. Hori horrela, britainiar erreferentzia gehiago ditu Orube-k; adibidez, The Cure edo The Smiths taldeenak. 80ko hamarkadako musika edo giro iluntxoago haren alde egin dugu; gitarren soinu aldetik, delay eta chorus efektuak sartu ditugu, eta nire ahotsa beste testura batzuetan egotea eragin dute horiek. Azken finean, Izaki Gardenak da, baina beste arropa eta kolore batzuekin. Gaiei begiratuta ere badago aldaketatxo bat; urbanoagoa da azken bilduma, oso bitalista.
"Britainiarragoa da soinua 'Orube' lanean, eta hitzak, orokorrean, urbanoagoak"
Gaztelekuan izango zarete domekan; gustuko aretoa?
Oso gustukoa, duen tamaina eta soinuari dagokionez, baita bertako lantaldeagatik ere. Domeka eguerdietan kontzertuak programatzea ere itzela da, kontzertuak gau-girora bakarrik mugatu beharrean.
Sold out, sarrerarik ez; zer diozu?
Pozik gaude, noski; sekulakoa da kontzertua egin aurretik dena salduta dagoela jakitea, baina ezin gara horri begira egon, sold out egitea ezin da helburua izan. Garaipen bat bezala ari gara saltzen, baina, nire ustez, ez da guztiz horrela.
Zelakoa da euskal musika-eszenaren egoera, zure ikuspuntutik?
2012an jaio zen Izaki Gardenak, eta bazeuden orduan euskal erreferenteak, baina gaur egun, paisaia ezberdina da, aniztasun sanoa dago, eta oso ona da hori, baina, bestetik, amorrua ematen dit mundu globalean dagoen funtzionatzeko modu ez onak kopiatzen ari garela.
Zelan hartu zaituztete zaleek?
Bikain! Jende asko hurbildu zaigu; eta asko, oso hunkituta.